eusko LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK

Lopezek uste du Europako herri batzuetako presio fiskala izanda Jaurlaritzaren aurrekontua %25 handiagoa litzatekeela

"Herritarren berdintasunerako eta elkartasunerako" erreforma fiskala behar dela aldarrikatu du PSEko lehendakarigaiak. Esan du legealdi honetan EAJ eta PPrengatik ezin izan dutela zerga eredua aldatu.

2012ko irailaren 8a
14:35
Entzun

Patxi Lopez PSE-EEko Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigaiak "herritarren berdintasunerako eta elkartasunerako" erreforma fiskala behar dela aldarrikatu du gaur Bilbon, bere alderdiaren batzordearen bileran. "Europan miresten ditugun herrialde batzuetako presio fiskal bera izango bagenu, Jaurlaritzaren aurrekontua %25 handiagoa litzateke", adierazi du.

Urtero bi mila milioi euro gehiago lituzkete, Lopezen arabera, krisitik lehenago ateratzeko, enplegua sortzen laguntzeko, euskal ekonomia babesteko eta zerbitzu publikoei eusteko.

Gaurko zerga ereduak sortzen duen "injustizia" nolakoa den adierazi nahian, adibide bat jarri du: "Hilean 1.500 euro irabazten dituenak PFEZen [pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga] %23 uzten badu eta dibidenduetan milioi bat euro irabazten duenak %22, hori injustizia bat da". Ondorioz, azaldu du hori ezin dela onartu; "aldatu egin nahi dugu".

EAEko legealdi honetan Lopez bera izan da Jaurlaritzako lehendakaria, baina esan du eskubiak —EAJk eta PPk— eragotzi egin dutela erreforma fiskala, "ez bakarrik euren lagun batzuen pribilegioak babesteko, baita Jaurlaritzak egin behar zuena egiteko askoz baliabide gutxiago izateko ere".

Zerga iruzurraren aurka borrokatzera ere dei egin du PSEko lehendakarigaiak.

Alderdi sozialistak gaur onartu ditu urriaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako zerrendak: Lopez Arabako zerrendaburu izango da, Bizkaikoa Jose Antonio Pastor eta Gipuzkoakoa Iñaki Arriola. Araban desadostasun batzuk izan dira, besteak beste Oscar Rodriguez kanpoan utzi dutelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.