Lopezen elkarrizketa ereduak ez duela gatazka konponduko diote

Bakea lortu nahi bada, ezker abertzalearekin ere hitz egin behar dela uste dute EAk, ezker abertzaleak eta EBk

Erredakzioa
2010eko urriaren 12a
00:00
Entzun
Bake bidean urratsak egiteko, alderdi politiko guztiekin hitz egin beharko du Patxi Lopez lehendakariak, ezker abertzalearen, EAren eta Ezker Batuaren iritziz. Alderdion ustez, Euskal Herrian agertoki politiko berria ireki nahi bada, ezinbestekoa da elkarrizketa mahaian ezker abertzalea egotea. Patxi Lopez lehendakariak joan den astean iragarri zuen Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiekin elkarrizketa «diskretuak» izango dituela, baina ezker abertzalearekin hitz egitea baztertu zuen, harik eta «printzipio demokratikoak» onartzen ez dituen arte.

Elkarrizketa horien inguruan galdetuta, Txelui Moreno ezker abertzaleko ordezkariak esan du «galduta» ikusten duela lehendakaria, ezker abertzalea baztertuta prozesuak ez duelako aurrera egingo: «Patxi Lopezek proposatzen duen bazterketekin ez da ezer lortuko». Hala, lehendakariak «lidergoa» berreskuratzenez badu, «jokoz kanpo» geratuko dela adierazidu ezker abertzaleko kideak.

Maiorga Ramirez Nafarroako EAko burua ere oso kritiko azaldu da Lopezek proposatzen duen elkarrizketa ereduarekin. Haren iritziz, «munduan ez dago gatazkarik gisa horretako elkarrizketa eredua erabiltzen duenik». Ezker abertzalea elkarrizketa errondatik kanpo uztea ez da, Ramirezen esanetan, aurrerapausoak emateko bide egokiena.

EAko burukidearen ustez, lehendakaria ez dago jokatzen egoera politikoak eskatzen duen mailara. «Patxi Lopezek sinesgarritasun gutxi dauka, orain arte egin dituen urratsak ez direlako lehendakari batek bake aukera baten inguruan egin beharko lituzkeenak». Elkarrizketa ereduarekin «iruzurrik» egin nahi ez bada, inor baztertu barik egin behar dela gaineratu du.

Nolanahi ere, EAko burua ziur da euskal gizarteak jarrera aldatzera behartuko duela lehendakaria. «Alderdi sozialistak bakea eta normalizazio politikoa eragotzi zuen eragile moduan geratu nahi ez badu, jarrera aldatu beharko du».



Lopezek «lidergoa hartu»

Mikel Arana Ezker Batuko koordinatzaile nagusiaren ustez, Lopezek «serio» hartu beharko luke alderdiekin elkarrizketa errondari ekiteko erantzukizuna, eta «lidergoa hartu» beharko luke irekiden abagune politikoan. «Euskadin bake aukera zabal dadin», ezker abertzalearekin hitz egitea funtsezkoa dela iritzi dio.

Ezker abertzaleak egindako apustua benetakoa dela zalantzarik ez du EBko buruak. «Ziur naiz ezker abertzaleak erabaki duela indarkeriak ez duela tokirik Euskadin. Zalantza nagusiena da ETAk erabaki horrekin bat egiten ez badu zein izango den haren erantzuna». Hargatik iritzi dio «garrantzitsua» dela ezker abertzalea elkarrizketa prozesu batean sartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.