Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak aurkeztutako proposamena "okerra eta gatazkaren konponbideari begira baliorik gabea" uste dute ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek eta Alternatibak.
Lopezen jokaera "arduragabea" izan zela salatu dute gaur Bilbon egindako agerraldian,"egoera berriari errezeta zaharrekin" erantzun diolako. "Egindako keinu ahul guztiak berandu iritsi eta irudikeria hutsean gelditu dira, ez du gatazkaren konponbidean aurrera egiteko ekimen bakarra martxan jarri", adierazi dute.
Proposatutako foroa "ezker abertzalearen bazterketarekin" osatu nahi duela leporatu diote, eta "elkarrizketa integratzaile baten" alde agertu dira.
"Lehen bultzada elkarrizketari indar politikoek eman behar diogu, lehentasunez, euskal erakunde eta muga administratibo politikoen gainetik, euskal herritar guztiei begira eta irekia", adierazi dute.
Aieteko Bake konferentziari "positiboki" erantzuteko eta espetxe politika "erro-errotik aldatu eta salbuespeneko legediak bertan behera uzteko" dei egin diete Espainiako eta Frantziako Gobernuei.