Lorentxa Gimon lapurtar presoak 18 egun daramatza gose greban

«Indartsu eta buruz azkar» dela jakinarazi dute atzo, Roannen, Gimon preso den hirian egin prentsaurrekoan

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2010eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Duela 18 egun hasi zuen gose greba Roanneko (Frantzia) kartzelan den Lorentxa Gimon lapurtar presoak. Bi aste eta erdi pasatu eta «Lorentxa indartsu da, buruz azkar», Askatasuneko Anais Funozak jakinarazi duenez.

Kartzelako zuzendariak ez die haren eskakizunei orainokoan erantzunik eman. Alderantziz, Gimonek salatzen dituen bakartzea eta eskubideen urraketak gogortu dizkio kartzelako zuzendariak. Hala nola senide eta lagunek bidalitako gutunak ez zaizkio banatuak, eta erabat bakarturik da Gimon. Askatasuna eta Etxerat-ek zuzendariari hitzordu bat eskatu diote, baina hark «ez gaur, ez inoiz» erantzun die.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak zehaztu duenez, «euskal preso politikoekin batera jar dezatela» galdatzen du Gimonek. Hain zuzen, 2009ko ekainean kartzelaz aldatu zuten, eta Roannekoan bakartuta utzi. Bestalde, «familiaren eskubideak bermatzea» galdatzen du. Hau da, kartzelatua duen senarrarekin, eta zazpi urteko alabarekin komunikazioa eta bisitak ukatuak zaizkio. «Komunikaziorako eskubidea» ere eskatzen du. Roannera heltzean, bisita baimenak kendu dizkiote, bost bisita baimen bakarrik onartuz. «Bizi-baldintzak hobetzea» ere eskatzen du.

Urtarrilaren 2an hasi zuen gose greba, eta eskakizunei erantzun arte segitzeko «determinatua» da.

Roannen prentsaurrekoa

Atzo egin zuten Roanneko hirian bertan prentsaurrekoa, Mirentxu Gimon presoaren ahizpak, Jeanine Beirie Etxerat-eko kideak eta Anais Funosas Askatasuneko ordezkariak.

Tokiko kazetariak agertu zitzaizkien, eta interes handia erakutsi zuten. AFP prentsa agentziako kazetaria, kartzelako zuzendariarekin harremanetan ezartzen saiatu zen, baina, hark ez zuen onartu.

Ikusirik zuzendariak ez duela Gimonen berririk jakin nahi, Askatasuna eta Etxerat-ek prentsaren bidez jakinarazi diote, «tinko segituko dutela, eta ez badu entzun nahi hurbilduko direla» urtarrilaren 2az geroz gose greban den presoaren berri ematera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.