Plazandreok emakumeen hautagaitza 1995eko maiatzeko udal hauteskundeetan aurkeztu zen lehen aldiz, Bai ahotsa, bai botoa lelopean. Urte hartan atera zuen emaitza hoberena: 2.287 boto (%2,41). Emakumeen interesak eta beharrak udal politikan sartuko zirela bermatzea izan zen plataforma politiko horren helburua. Elkartu ziren profesional liberalak, unibertsitateko emakumeak, independenteen mundutik zetozenak, Donostiako Asanbladako emakumeak... Emakumeentzako politika eginez eta haien bizi baldintzak hobetu nahian hasi ziren lanean; aldi berean, ziur zeuden horrek denentzako onura ekarriko zuela.
Makroproiektuak alde batera utzita, oinarrizko arloei eman zieten lehentasuna, biztanleen ongizaterako: lana, hezkuntza, gizarte zerbitzuak, etxebizitza... Lehenengo urteetan, ehun bazkidetik gora izan zituen taldeak. Emakumeen interesak kolektibo gisa defendatu zituen, eta oihartzuna izan zuen. Berria zen. Donostian, esaterako, Berdintasun Saila 1980ko hamarkadan hasi zen, baina urte haietan berdintasun mugimendua "oso apala" zen. Plazandreok-ek, beraz, berdintasun politikak edo politika feministak kalera ateratzea ekarri zuen.
Hogei urte igaro dira geroztik. Plaz-eko kideen ustetan, iraganera begiratuta ezin da ukatu "aurrerapauso handiak" egon direla emakumeen autonomian eta askatasunean. Lorpenak ere bai: emakumeen legezko diskriminazioa ezabatzeko neurriak; aurrerapausoak hezkuntza sisteman, lan merkatuan, parte hartze politiko eta sozialean... Hori ez onartzea mugimendu feministaren lana ukatzea litzatekeela iritzi diote.
Hala ere, uste dute ekonomiaren oinarriak berdin jarraitzen duela: sistema kapitalistak gutxietsi egiten ditu etxeko lanak eta zaintzak; ez dira aintzat hartzen eta ordaintzen; lan esparruan, emakumeek gizonezkoek baino %32 gutxiago kobratzen dute lan berberaren truke; arlo politikoan eta sozialean, nahiz eta parte handiagoa izan, emakume gutxi daude erabaki guneetan; kultura arloan, kultura ekoizten dutenak gizonak dira, eta ikuspegia gizonena da; kirol arloan, diskriminazio zuzenekoak egiten jarraitzen dira; egiturazko desberdintasuna dago, emakumeek jasaten dituzten indarkeriak, eguneroko mikromatxismoak... "Orain dela hogei urte, emakumeak erailtzen zituzten ia egunero, eta ez zen gai bat ere. Ez zen prentsan ateratzen. Orain, lortu dugu behintzat laukitxo txiki batean agertzea, baina erroko aldaketarik ez da izan".
Gainera, emakumearen askatasun eta aniztasunaren kontrako eraso gehiago heltzen ari direla ikusten dute; abortuaren kontrarreforma, esaterako. Alberto Ruiz Gallardonen legearekin, mugimendu feminista orain dela 30 urteko aldarrikapen bat plazaratzera irten da kalera. Halako neurriek "patriarkatuaren zutabea den familia eredu tradizionala indartzeko" balio dutela diote.
Berdintasunerako Legeak hamar urte egin ditu aurten. Berdintasun formalaren aldetik legeak egon arren, "ez dira betetzen".