Lortu dute Balmasedako sutea kontrolatzea

Lehen kalkuluen arabera, bostehun hektarea baino gehiago kiskali ditu suteak. Bizkaian ez da gehiago hedatuko, baina baliteke piztuta jarraitzea

Sutea Balmaseda inguruko mendietan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Paulo Ostolaza - Julen Otaegi Leonet
2022ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Bizkai aldean «kontrolpean» da joan den larunbatean Balmasedan piztu zen sutea, Bizkaiko Aldundiko mendi zerbitzuek atzo adierazi zutenez. Haizearen eta lur lehorraren ondorioz zabaldu zen sua. Ehun suhiltzaile eta basozain inguru Þgau osoan aritu ziren lanean, eta sua kontrolatzea lortu zuten. Goizaldean oraindik zakar antzera jotzen zuen haizeak, baina ez herenegun bezainbeste.

Josu Erkoreka Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak atzo goizean baieztatu zuen egoera «egonkortuta» zegoela: «Perimetroa kontrolpean dago, eta sutea ez da gehiago zabalduko». Dena dela, jada bostehun hektareatik gora kiskali ditu suteak, lehen kalkuluen arabera. Gainera, ez zuen baztertu jada eragindako perimetroaren barruan «han eta hemen» garrak berriro piztea. Besteak beste, bi baserri hondatu ditu suteak. Horietako bat hutsik zegoen; bestean, berriz, zenbait lagun bizi ziren. «[Baserria] Jada ez da bertan bizitzeko moduan; etxebizitza galdu dute».

Oraindik goiz da sua nola piztu zen esateko. Erkorekak azaldu zuenez, Ertzaintza eta beste hainbat «jo eta ke» dabiltza sutea zergatik piztu zen aztertzen eta horren arrastoen bila. «Ez dugu ezer aurreratuko, goiz delako».

Arabako mugatik gertu dagoen baso batean piztu zen sua, Arbalitzan. Gutxienez hamabi familia ebakuatu behar izan zituzten, eta Balmasedako kiroldegia prestatu zuten lagun horiek artatzeko. Atzo goizerako, familia guztiak itzuli ahal izan ziren beren etxebizitzara, bat izan ezik.

Bizkaiarekin mugakide diren Bortedo eta Antuñano (Burgos) herrietako biztanleak ere ebakuatu zituzten, sutearen hango fokuek baitzuten arriskurik handiena. Jaurlaritzak baliabide materialak eta pertsonalak bidali ditu hara; hain zuzen, 50 suhiltzaile inguru ari dira lanean, herenegun gaueko taldearen erdia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.