Egindako lanarekin eta lortutako emaitzarekin pozik agertu dira Otegi eta Iriarte, eta nabarmendu dute akordioak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako politika «beste ardatz batzuen gainean eraikitzeko aurrekari ona» dela.
EH Bilduko bozeramaileek esan dute estatutu berrirako proposamenak galdeketak eta erreferendumak egiteko aukera zabaltzen duela, eta horri garrantzi handia eman diote: «parte hartzean sinesten dugu, eta euren egunerokoan erabaki ahal izateko herritarrei hitza ematean sinesten dugu, bai eta gure herriuaren etorkizun politikoa erabakitzeko garaian ere», zehaztu dute.
Espainiako statuarekin «aldebikotasuna» ardatz izango duen harremana eraiki nahi dute, hau da, «berdinen artekoa» eta ez «menpekotasunean» oinarritua: «Horrela baino ez dugu lortu ahal izango gure eskubideak bermatuko dituen etorkizuna eraikitzea».
Bereziki, eskubide sozialen arloan egindako aurrerapenak goretsi dituzte EH Bilduren ordezkariek. Haien ustez, «eskubide sozialak» izan behar dute autogobernuaren ardatz, pentsatzen dutelako arlo horretan egindako edozein aurrerapausok «herritarron bizitzak hobetzeko» balio behar dutela.