Azpiegiturak

Los Arcosko zirkuitua egokitzeko ia milioi erdi gehiagoko gastua egin beharko litzateke

LAMS enpresak uko egin zion zirkuitua 2024 urtera arte kudeatzeko kontratuari, argudiatuta ezingo zituela baldintzak bete. NICDO enpresa publikoak hartu du orain zirkuituaren ardura, baina Rebeca Esnaola Nafarroako Kultura eta Kirol kontseilariak ez die aterik ixten etor daitezkeen eskaintzei.

jarraia186589.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko irailaren 8a
13:52
Entzun

Los Arcosko (Nafarroa) zirkuituaren kudeaketak zeresana ematen jarraitzen du inauguratu zenetik hamar urte bete diren honetan. Hartzekodunekin 496.828 euroko zorrak ditu; Nafarroako Ogasunarekin, 128.124 eurokoak; udalari ere jarduera ekonomikoei dagokion azken bi urteetako tasak zor dizkio; eta Iberdrolak ere bi jakinarazpen bidali zizkion kudeatzaileari urtarrilean 18.797 euro eskatuz, eta ordaindu ezean argindarra moztuko zuela jakinarazi zion. Horrez gain, zirkuituaren mantentze lanak egiteko 468.589 euroko gastua egin beharko litzatekeela azaldu du gaur goizean Rebeca Esnaola Nafarroako Kultura eta Kirol kontseilariak, azpiegituraren auditoria aurkeztu duenean. Zirkuituaren kudeaketa egokiarekin kezkatuta dagoela esan du, eta adierazi LAMS enpresak orain arte egindakoa ezegokia izan dela.

NICDO enpresa publikoa da azpiegituraren jabea, baina 2014tik Los Arcos Motor Sport (LAMS) enpresak kudeatu du zirkuitua. Joan den urtean, bi aldeek kontratua berritu zuten, eta zirkuituaren erabilera LAMSen esku geratu zen 2024 urtera arte. Baina egoerak ez zuen luzaroan iraun, uko egin baitzion azpiegituraren kudeaketari, argudiatuta ezin zituela bete kontratuan zehazten ziren neurriak. Urte hasieratik, NICDO da zirkuituaren jabea eta kudeatzailea, eta kontuak nola dauden zehazteko auditoria egiteko eskatu zion Shuttle Minds agentziari. Agerian geratu dira horrela LAMSek hartzekodunekin, ogasunarekin, Iberdrolarekn eta Los Arcosko udalarekin zituen zorrak, eta azpiegituraren beraren egoera zein den.

Orain berriz ere esku publikoetan dago zirkuituaren kudeaketa, eta bideragarri izan dadin lortzeko lanean ari direla esan du Esnaolak. Asmoa da autofinantzaketan oinarritzea, baina ikusteko dago pandemiak nola eragingo duen programatuta dauden ekitaldietan. Edonola ere, ez dio aterik ixten beste inolako proposameni, eta iristen diren guztiak aztertuko dituztela esan du kontseilariak.

Oposiziotik, Geroa Baik, EH Bilduk eta Ezkerrak eskatu dute NICDOk jarraitu dezala zirkuitua kudeatzen, bestela “gaizki hasitakoak gaizki jarraituko baitu”, Maiorga Ramirez EH Bilduko parlamentarioaren hitzetan. 2010ean inauguratu zuten zirkuituaren lanak esleitu zirenean, proiektuak sei milioi euroko aurrekontua zuen, baina gastua 60 milioi eurora igo zen lanak amaitu zirenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.