Bartzelonan da Lou Reed (New York, Ameriketako Estatu Batuak; 1942) musikaria, Kosmopolis nazioarteko literatura jaialdian parte hartzen eta, prentsaurrekoa ematen ari zela, kazetariei galdera hauxe egin die: "Zer pentsatzen duzue Euskal Herriko gatazkaz?".
Kazetariek aurrez finantza krisiaz eta AEBetako bankuez galdetu diote, eta hark: "Galdera ona, baina hemen literaturaz ari gara. Zer iruditzen zaizue euskal herritarrez hitz egiten badugu orain? Zer diozue? Alde edo kontra zaudete?". Ez dute erantzun kazetariek.
Mundu osoko gatazkez interesa duela azaldu du musikariak. "Herrialde bakoitzak berea du, eta denoi eragiten digute, ondorioak dauzkatelako".
Federico Garcia Lorca espainiar poetaren hobia irekitzeko Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak hartutako erabakiaz ere galdetu die Reedek. "Alde edo kontra zaudete?".
Musikariak esan du "nazkatuta" dagoela pertsona "iluntzat" jotzen dutelako. "Errealista naiz, besterik gabe", adierazi du.
AEBetako hauteskundeetan Barack Obama hautagai demokrataren alde bozkatuko duela jakinarazi du.