Ostiraleko Ministro Kontseiluan berretsi behar dituzten arren, dagoeneko ziurrak dira erabakiak. Hala, Jose Luis Arasti sozialistak hartuko du orain arte Carmen Albak bete duen kargua, Espainiako Gobernuko ordezkariarena, eta Jesus Lozak ordezkatuko du Javier de Andres popularra.
Nafarroako Alderdi Sozialistako kidea da Arasti, eta Milagroko alkatetzara aurkeztu zen aurreko udal bozetan. Egun, PSNko zuzendaritzako kidea da. Nafarroako Alderdi Sozialistak proposatu du haren izena. Enpresa zientzietan lizentziaduna da Arasti.
Pozik agertu da Maria Txibite idazkari nagusia Pedro Sanchezen erabakiarekin: "Sei urte daramatza Nafarroako Gobernuko Barne Sailarentzako lanean, eta, beraz, ezagutzen ditu ordezkaritzan kudeatu beharko dituen alorrak. Gure konfiantza osoa du, eta baita zuzendaritza federalarena ere".
Sozialista da Loza ere, eta hainbat urtez Fernando Buesa Fundazioko presidenteorde izan da. 1952an jaio zen, Gasteizen, eta mediku ikasketak egin zituen; Txagorritxuko erietxeko zuzendaritzan aritu zen lanean. Patxi Lopez lehendakaritzara heldu zenean, berriz, Elkarbizitzarako ordezkari izendatu zuen. Kargu horretan zela, "ETAko presoei bigarren aukera" eman beharra aipatu zuen, eta gaixo dauden presoen inguruko ekimenak ere landu zituen.
Lozak salatu izan du, era berean, ETAren aurkako borrokan giza eskubideen urraketa ugari egin zirela. Bide beretik, presoen gizarteratzearen aldeko adierazpenak egin izan ditu, ohartaraziz horren aurka dagoena "konstituziotik at" dagoela.
Gaur egun, Gogora instutuko zuendaritza kontseiluko kidea da, eta Txagorritxuko erietxean egiten du lan.