Euskal presoak

Lozak dio Espainiako Gobernuak abian jar dezakeela "beste 'Langraiz bide' bat"

Bide horrekin bat egin nahiko luketen euskal presoek "autokritika eta damua" adierazi beharko lukete, Jesus Loza Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariaren ustez. Iradoki du hauteskundeen ostean martxan jar dezaketela programa, PSOEk segituz gero.

Jesus Loza, 2018ko irailean, BERRIArako elkarrizket batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
2019ko urriaren 3a
21:41
Entzun

Ser irratian egindako adierazpen batzuetan azaldu du Lozak Espainiako Gobernuak aukera gisa ikusten duela "beste Langraiz bide bat" irekitzea. Ez da Espainiako Gobernuko ordezkariak halako proposamen bat egin duen lehen aldia. Orain urtebete BERRIAn egindako elkarrizketa batean esan zuen Jose Luis Zapateroren garaian abian jarritako Langraiz bidearekin lehenik Euskal Herri inguruko espetxeetara mugitu zituztela euskal presoak, eta, ondoren, Langraizera (Araba) gerturatu: "Laborategi moduan hartu zen, presoaren gogoeta sakontzeko, eta ondoren ekarri zituzten Euskadira. Ondo atera zen. Antzekoa egingo dugu".

Lozaren arabera, "zantzua" dute zenbait euskal presok halako programa batean "interesa" dutela, baina gobernurik ezean ezin dela martxan jarri azaldu du. Hortaz, PSOEk gobernuan segituko balu, hauteskundeen ostean abiaraziko lukete beste Langraiz bide bat. Aurreko saioan erabilitako metodologia bera baliatuko lukete: "Zaballako espetxerako gerturatze progresibo bat egongo litzateke, eta egindako hausnarketa guztiak egin ostean, hirugarren graduak eta baldintzapeko askatasuna lortuko lukete".

Bat egiteko baldintzak

Halere, "betetako autokritika" eskatu du Lozak programan sartzeko, eta ez "rol bat" egitea. "Salaketa ez da derrigorrezkoa, baina autokritika ezinbestekoa da". Presoek "damua" adieraztea ere ezinbestekotzat jo du. Espainiako Gobernuko ordezkariaren ustez, EPPK eta ezker abertzalea dira euskal presoei "mugak" jartzen dizkietenak: "Bi marra gorri dituzte, eta oztopo dira bergizarteratzeko: salaketa eta damua".

Euskal presoek eta haien senideek 11/13 auzikoek egindako akordioari begiratu beharko lieketeela ere iradoki du Lozak: "Beren burua errudun jo dute kartzela saihesteko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.