Azpiegiturak

Luesmak AHTri buruzko Elorrioko galdeketaz helegitea sartzeko agindu du

Abenduaren 2an egingo dute herri kontsulta, atzo Udalak mozioa onartu ondoren.

2007ko azaroaren 16a
14:01
Entzun
Paulino Luesma Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan daukan ordezkariak Elorrioko (Bizkaia) herritarrek abenduaren 2an Abiadura Handiko Trenari (AHT) buruz egingo duten galdeketaren kontra helegitea sartzeko agindua eman dio gaur Espainiako Estatuko abokatuari.

Atzo gauean hartu zuten Elorrioko Udalak galdeketa egiteko proposamena. Luesmaren arabera, erabakiak "ordenamendu juridikoa urratu" egiten du, "galdeketak herriari buruzkoa izan behar duelako, eta Espainiako Gobernuaren baimena ere behar delako".

Ez da lehen aldia Luesmak AHTz egindako galdeketen inguruan helegitea sartzeko agindua eman duena.

Elorrion EAE-ANVk proposatu zuen atzo mozioa, eta haren sei zinegotziek eta Elorrioko Herritarren Aukerako zinegotziak (independenteek, Aralarrek eta EB-Berdeek osatzen dute) bozkatu zuten alde. EAJko bost zinegotziak abstenitu egin ziren eta PSE-EEko zinegotzia ez zen azaldu. EAJk AHTren proiektuaren aldeko botoa emateko eskatuko die bere jarraitzaileei.

Herri galdeketa abenduaren 2an egingo dute, kiroldegian, eta oraindik ez dute zehaztu egin beharreko galdera.

EAE-ANVk "benetako gizarte-adostasuna" eskatu du, tamaina horretako proiektu batek "inguruan, gizartean, ekonomian, ingurumenean eta paisaian" izango duen eragina dela-eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.