euskal herria

Luis Garrido: “Bilboko txupineraren auzian Justiziak ezin du ofizioz jardun”

EAEko Auzitegi Nagusiko Gobernu Aretoko kideak jakinarazi duenez, Jone Artola Bilboko Aste Nagusiko txupineraren auzian alderdi interesdunek esku hartu behar dute, ez epaileak.

2013ko abuztuaren 27a
15:38
Entzun

Luis Garrido EAEko Auzitegi Nagusiko Gobernu Aretoko kidea Euskadi Irratian elkarrizketatu dute. Azaldu duenez, magistratuek soilik auzi penaletan jardun dezakete ofizioz, eta Jone Artola txupineraren auzia administratiboa izanik, alderdi interesdunek esku hartu behar dute.

Azken egunotan txupineraren auziaren inguruan PPk botere judizialari egin dizkion kritikei erantzun die Garridok. Artolak Bilboko Aste Nagusiko ekitaldietan txupinera gisa parte hartu izana gaitzetsi du PPk, eta hori saihesteko Justiziak neurri judizialik hartu ez izana salatu du. Garridok gogorarazi duenez, prozesu hori ezin du epaile batek hasi, alderdi interesdunek baizik.

Gaineratu du txupineraren izendapena bertan behera uztea kautelazko neurria izan dela, eta hilabete batzuk iraungo duen prozesua ireki behar dela oraindik. Haren ustez, “dudak daude” auzi horren inguruan, eta erabaki bat hartzeko “lanketa handiagoa” egin behar da.

Txupinera hautatzeko sistema, epailearen erabakiaren araberakoa

Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Festa zinegotziak jakinarazi duenez, txupinera hautatzeko sistema mantenduko dute “epaileak kontrakoa esaten ez badu”: “Epailearen erabakia itxarongo dugu, eta horren arabera jokatuko dugu”. Kontrakoa adierazi du, ordea, Itziar Villafeñez Bilboko Konpartsetako bozeramaileak. Azaldu duenez, Aste Nagusiko txupinera izendatzeko sistema ezin du eten epaile batek.

Konpartsek Aste Nagusia "bideratzen" asmatu dutela azaldu du Villafeñezek, eta gaineratu du jaien "ordezkari gorenak" babestu dituztela, hau da, pregoilaria eta txupinera. Urtasunek gogorarazi du Bilboko Udalak "errespetatu" egin duela Artolaren txupinera izendapena kautela moduan bertan behera utzi zuen epaia.

Txupinera hautatzeko sistema aldatzea proposatuko du PPk

Bilboko Udaleko osoko bilkuran txupinera aukeratzeko sistema aldatzea proposatuko du PPk irailean, hala adierazi du Cristina Ruiz Bilboko Udaleko PPren bozeramaileak. Haren ustez, jai eredua ez da "soilik Konpartsena" izan behar, eta hiriko "beste kolektibo batzuek" ere parte hartu behar dute.

Ruizen aburuz, hautaketa sistema aldatu behar da "ezker abertzaleak behingoz festak monopolizatzeari utz diezaion", eta Bilboko jai batzordeak txupineraren hautaketa "berresteko" eskumena izatea proposatuko du. 
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.