Euskal Herria

Luis Intxauspe aukeratu dute Udalbiltzako lehendakari

107 aldeko boto eta abstentzio bakarra izan ditu Intxausperen hautagaitzak, Atarrabian eginiko nazio batzarrean. Mertxe Aizpurua lehendakari ohiarengandik jaso du aginte makila.

Mertxe Aizpuruaren eskutik jaso du Luis Intxauspek Udalbiltzako aginte makila. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
Ion Orzaiz.
2016ko otsailaren 20a
16:46
Entzun

Luis Intxauspe Arozamena Hernaniko alkatea izanen da, gaurtik aurrera, Udalbiltzako lehendakari berria. Gaur goizean Atarrabiako Kultur Etxean eginiko nazio batzarrean aukeratu dute ia aho batez: 107 aldeko boto eta abstentzio bakarrarekin.

Intxauspez gain, honako hautetsiek osatuko dute Udalbiltzaren gobernu berria: Jon Arriola (Berriatuako alkatea), Jon Andoni del Amo (Durangoko zinegotzia), Mikel Ansotegi (Aulestiko alkatea), Nekane Garagoigordobil (Legutioko alkatea), Iratxe Lopez de Aberasturi (Gasteizko zinegotzia), Haizea Isasa (Gamarteko zinegotzia), Itziar Varela (Hendaiako zinegotzia), Unai Lako (Agoizko alkatea), Maite Iturre (Baztango zinegotzia), Aritz Ikobalzeta (Etxarriko zinegotzia), Alaitz Aizpurua (Usurbilgo zinegotzia) eta Andoni Gartzia (Astigarragako zinegotzia).

«Gogoratu non geunden 1999an, eta begira non gauden gaur egun; erreparatu Nafarroan gertatzen hasi den aldaketari», esan du Intxauspek, aginte makila Mertxe Aizpurua lehendakari ohiarengandik jaso osteko hitzaldian. «Inoizko aukera onena dugu, Euskal Herri osotik eta Euskal Herri osoarentzat lan egiteko, baina, horretarako, Udalbiltzak eraldatzeko beharra dauka», ohartarazi du. Udal hautetsien erakundearen lehen erronka «apurtutako zubiak berreraikitzea» izanen dela ere esan du.

Aurretik, Aizpuruak hartu du hitza, kargua utzi aurretik azken agurra egiteko. Intxauspe zoriondu eta Udalbiltzako kide guztiei esker ona adierazi ostean, erakundearen garrantzia azpimarratu du: «Euskal Herria eraikitzeko dugu oraindik, eta, Udalbiltzak egiten ez badu, ez du inork egingo». Nafarroako ereserkiarekin bukatu da ekitaldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.