euskal presoak

Luis Mari Zengotitabengoa eta Ibai Azkonaren euroagindu eskaerak, epaiaren zain

Bruselak astelehenean emango du aurrenari buruzko erabakia, Pauek asteartean bigarrenari buruzkoa. Gaur izan dira euroagindu saioak.

2010eko irailaren 7a
16:32
Entzun
Gaur egin dute Bruselan Luis Mari Zengotitabengoa euskal presoaren aurkako euroagindu saioa, eta epaileak astelehenean jakinaraziko du erabakia. Hala ere, epaiari helegitea sartzeko aukera izango da.

Zengotitabengoa abuztuaren 21ean atxilotu zuten Belgikan, etakidea delakoan. Berak ukatu egin du ETAkoa dela. Espainiako Auzitegi Nazionalak du egina haren aurkako eskaera.

Pauen, berriz, Ibai Azkona euskal presoaren aurkako euroagindu saioa egin dute gaur. Prokuradoreak euroagindua onartzea eskatu du eta defentsak Azkona libre uzteko eskaera egin du. Epaileak asteartean esango du Espainiaratuko duten. Azkonaren senide eta lagun asko joan dira Pauera.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak auzia salatu du. "Ibairen aurkako froga bakarra berak inkomunikazio aldian egindako deklarazio bat da, eta inkomunikazio aldian torturak salatu zituen".

Irailaren 1ean atzeman zuten, Hendaian, eta Mureten daukate preso. Espainiako Auzitegi Nazionalak Azkonaren aurkako bi atxilotze agindu eman zituen. Lehen atxilotze agindua kale borrokako ekimenei lotuta dago, eta bigarren agindua, Segi gazte erakundearen aurka Auzitegi Nazionalak abian ezarritako makro-dosierrari lotuta. Espainiako Poliziak duela bi urte atxilotu zuen Azkona, Iruñerrian, Segiko militanteen aurka egindako operazio batean. Polizia etxean jasandako tratu txarrak salatu zituen orduan, eta zortzi hilabetez egon zen preso. Auzitegiak Azkona atxilotzeko agindua eman zuen apirilean, urtebeteko espetxe zigorra betetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.