Mexikoko hainbat gizarte eragile eta pertsona ezagunek sinatu duten adierazpenean salatu dutenez Luis Miguel Ipiña euskal presoa egoera oso larrian dago Mexikon espetxeratuta. Maiatzean atxilotu zuten Ipiña. 60 urte ditu, eta osasun arazoak dituenez, etengabe sendagilearen asistentzia behar duela jakinarazi dute. Salaketan sinatzaileek Ipiña aske uztea eskatu dute, eta Mexikoko euskal komunitateko kideen kontrako erabaki "polizial-juridikoa guztiak" bertan behera uzteko eskatu dute. Egin ezean erantzule Mexikoko agintariak egingo dituztela ohartarazi dute.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak eman du Ipiñaren egoeraren berri. "Espetxean muturreko egoeran dago Luis Miguel Ipiña. 12 lagunentzat den ziega batean 53 preso daude. Hasiera batean lurrean egin behar izaten zuen lo. Orain bi oheren artean jarritako ohol baten gainean egiten du lo beste batekin batera. Ohol hau gaueko 23:30ean jartzen dute eta goizeko 6:00etan kendu", dio AAMk.
Lekurik ez dutenez, presoek zutik egin behar dute ziegan, eta lo daudenean komunera ere ezin dute joan, bat bestearen gainean daudela lo, lurrean. Salatu dutenez, sei ordu bakarrik ateratzen dira patiora. Gainera, ziegagatik ordaindu behar duela salatu dute, eta medikuarenganako bidean, behin baino gehiagotan lapurtu diotela. Bisitan doazkionak ere ordaindu egin behar izaten dute maiz.
Ipiñaren egoera salatzen duen adierazpenean sinatzaileek azpimarratu dute maiatzaren 22ko hauteskundeen emaitzek eta ETAren su-etenak gatazka gainditu eta bakea lortzea posible dela ikustarazten dutela Euskal Herrian. Baina bitartean Mexikon euskal komunitatea kriminalizatzen ari direla eta elkartasuna zigortzen ari direla. Horren adibide jartzen dute Juan Karlos Rekarteren kanporatzea eta Ipiñaren "legez kanpoko" atxiloketa.
Gainera, nabarmendu dute Diaspora Vasca Xavier Mina elkartearen lana publikoa eta gardena dela, eta ez duela inolako harremanik ETArekin. Ipiña froga faltsuekin kartzelaratu dutela salatu dute, eta Mexikoko Gobernuak euskal gatazkaren konponbidean zerbait egin dezakeela uste badu, konponbideak ematen egin dezakeela iritzi diote, "eta ez oztopatzen".