Espainiako Poliziak Luis Miguel Ipiña iheslaria atxilotu du Barajasko aireportuan, Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez. 2015etik haren aurkako atxilotze agindua zuela-eta atzeman dute, goizeko zortziak aldera, Kolonbiatik abiatutako hegazkin batetik irten eta gero.
Naiz.eus atariak ondoren zabaldu duenez, ordea, aske utzi dute. Auzitegi Nazionalera eraman dute, eta epailearen aurretik igaro ostean libre geratu da, epaiketaren zain. Bi astean behin agertu beharko du epaitegian, eta ezin izango da Espainiako Estatutik irten.
Donostiarra da Ipiña; 67 urte ditu, eta 1970eko hamarkadatik Mexikon bizi da. Herrialde horretan atxilotu zuten 2011ko maiatzean, eta 2012ko urrian askatu zuten.
Hura atxilotu eta gero, haren espetxeratzearen baldintzak salatu zituen Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Gainera, haren aurkako "azpijokoa" salatu zuten Ipiñaren abokatuak eta bi preso ohik.