Luis Morcillok gaur deklaratu du epailearen aurrean, eta bideokonferentzia bidez eman ditu azalpenak. Izan ere, Jose Amedok Bilboko epaitegian salaketa jarri zuen urte hasieran Morcilloren kontra, Brouard auziarekin lotuta. Amedok ustez Morcillorekin izandako elkarrizketa batean Brouard Morcillok berak hil zuela eta agindua Sancristobalek eman zuela esan ziola adierazi zuen Amedok, eta elkarrizketa grabatua zuela. Horren transkripzioa aurkeztu zuen epaitegian, Morcilloren aurkako salaketa aurkezteko.
Txema Montero defentsaren abokatuak "kontraesanak" ikusi ditu Morcillok bideokonferentzia bidez eginiko adierazpenetan. "Kontraesan horiek alderdi argi eta zehatzetan" daudela gaineratu du. Monteroren arabera, bideokonferentzia bidezko deklarazioa "ez da egokiena", kasu batzuetan "nahiko zaila" izan delako Morcillorekin hitz egitea.
Edurne Brouardek, Santi Brouarden alabak, salatu du Morcillok eta Amedok izandako jarrera "nahasgarria" izan dela, eta uste du bide horretatik jardungo dutela aurrerantzean ere. Hala ere, ohartarazi du "ahal den guztia" egingo dutela "guztia amaierara arte argitzeko". "Ez soilik atentatuaren egileak, baita ondorio guztiak ere", esan du.
Lehenago, absoluzioa
Ez Amedo ez Morcillo ezin dira Brouarden hilketagatik epaitu, eta hori ondo dakite biek. Bizkaiko Auzitegiak 2003an epaitu eta absolbitu zituen Amedo, Morcillo eta Masa, eta Espainiako Konstituzioak debekatua du inor akusazio beragatik birritan epaitzea. Hortaz, Morcillok lekuko gisa deklaratu du gaur.
Sancristobal epaitzea, aldiz, posible da. 1999an hilketa prestatu eta estaltzea zein diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita inputatu zuten Sancristobal, baina 2000. urtean bertan behera utzi zuen akusazioa Bizkaiko Lurralde Auzitegiak, "kontraesanek" ez zutela akusazioa mantentzeko adina argirik uzten argudiatuta.
Amedok duela hilabete gutxi auzia berriz zabaltzeko aurkeztutako frogen berri izatean, polizia ohiaren asmoekin mesfidati agertu zen Brouarden familia. "Beti ibili dira beren interesen arabera; dirua bukatuko zitzaion berriz".
Aitorpena, deklarazioaren bezperan
"Kontsultatik atera zenean bi tiro eman nizkion, eta lurrean zegoela akabatu nuen". Luis Morcillok El Mundo egunkariari emandako elkarrizketa batean aitortu du Santi Brouard HBko buruzagia berak hil zuela. "Baina nik katua sakatu besterik ez nuen egin; gainontzekoa besteek egin zuten".
Agindua nork eman zion ere argi esan du. 1984ko azaroaren 20an Brouard hil zuenean Guardia Zibileko komandante zen Rafael Masak eskatu ziola HBko buruzagia hiltzeko. Morcilloren hitzetan, laguna zuen Masa, eta hari bere nagusiak agindu zion atentatua egiteko. "'Mesedez, Luis, igo zaitez zu eta antolatu hori nahi duzun bezala, baina egizu behingoagatik, Ministeriotik kanporatuko naute-eta bestela!', esan zidan Masa adiskideak".
Masaren nagusi hori "ziurrenik" Julian Sancristobal zela adierazi du, Barne Ministerioan harekin egiten zuelako lana. Alegia, Brouard hiltzea Espainiako Gobernuaren Barne Ministerioak agindu zuela baieztatu du, eta, haren ustez, Sancristobalek eman zion Masari agindua. PSOE zegoen Espainiako Gobernuan orduan, eta Estatu Segurtasunerako zuzendari nagusia zen Sancristobal.
Morcillok adierazi du ere hilketa Barne Ministerioak ordaindu zuela. Berak bost milioi pezeta jaso zituela Brouard hiltzeagatik (30.000 euro). Baina engainatuta sentitzen dela ere eman du aditzera elkarrizketan. Atentatuagatik zazpi milioi eta erdi pezeta jaso zituela Morcillok berak, horietatik bi milioi eta erdi atentatua berekin egin zuen Lopez Ocañari eman "behar" zizkiola, baina askoz diru gehiago erabili zela atentaturako: "Gerora jakin nuen Brouard hiltzeko hogeita bost milioi pezeta bideratu zirela, baina nik bost soilik jaso nituen".
Brouarden familiari barkamena eskatu nahi diola ere badio Morcillok elkarrizketa horretan: "Ni Brouarden senidea izango banintz, ez nuke ulertuko horrenbeste urteren ondoren tiro egin zionak barkamena eskatzea, baina esan nahi diet nik katua sakatu besterik ez nuela egin".