Atxilotuak

Luis Moreno eta Raquel Garcia euskal herritarrek aske behar dutela berretsi du Bruselako Auzitegiak

Luis Moreno eta Raquel Garcia euskal herritarrak aske uzteko erabakia berretsi du Bruselako Auzitegiko Akusazio Ganberak. Espainiako Justiziak bi lagun horien estradizioa eskatzen du ETAri laguntzea leporatuta. Hain zuzen ere, Morenori eta Garciari Europako Batasunean onartutako atxiloketa eta entrega legedia aplikatzeko eskatzen du Espainiak. Aipatutako Auzitegiaren iduriko, araudi hori ezin da kasu honetan aplikatu Madrilen eskaria legedia onartu aurrekoa delako, eta iraganean Belgikako Justiziak estradizioaren kontrako erabakia hartu zuelako.

2004ko martxoaren 30a
17:27
Entzun
Martxoaren erdi aldera atxilotu zituzten Moreno eta Garcia Belgikan. Hurrengo egunean, bi euskal herritarrak aske uzteko agindua eman zuen Thyerry Freune Bruselako instrukzio epaileak, eta biharamunean, martxoaren 17an, Fiskaltzak errekurritu egin zuen erabaki hura.

Helegitea aztertuta, Morenok eta Garciak aske behar dutela berretsi du Bruselako Auzitegiko Akusazio Ganberak. Hala ere, 24 orduko epean helegitea aurkezteko aukera du berriro Fiskaltzak.

Beraz, Morenoren eta Garciaren auzia ez da oraindik bukatu. Dena den, biak pozik agertu dira Bruselako Auzitegiaren erabakiarekin, eta, halaber, gustura azaldu da Paul Bekaert bi euskal herritarren abokatua.

Gainera, atxiloketa eta entrega baimentzen duen Europako legearen kontra ekiteko asmoa agertu du Bekaert abokatuak. "Lege horren kontra nago, eta ziur aski, bertan behera utz dezatela eskatuko dut Belgikako Auzitegi Konstituzionalean beste abokatu batzuekin batera", iragarri du.

Asiloa 1995etik

Europako legedi hori iragan urtarrilean sartu zen indarrean, eta helburua "ohiko estradizio prozedura motelak" atzera utzi eta Europako Batasuneko estatuen arteko entrega sistema bizkorra abian jartzea da.

Espainiako Justiziak ETAko bi kide etxean hartzea leporatzen die Moreno eta Garcia bizkaitarrei, eta, ondorioz, "erakunde terroristari laguntzea".1995ean asiloa eman zien Belgikak bi lagun horiei, baina handik gutxira atxilotu egin zituzten.1996an, ordea, aske utzi zituzten Belgikako Estatu Kontseiluak estradizioaren kontrako erabakia hartu ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.