Atzo lanabes guztiak plantan utzi ondoren, Herbeheretako enpresak xurgatzeari ekin dio. Ustegabean, itsasgora baliatu dute lanari ekiteko. Eguerdi eta oren bata artean, lehen kamioia beterik egonen dela espero du Jean Espilondo Angeluko auzapezak. Itsasoa bare dago, ondoko orenetarako ekaitza iragarria dagoen arren. Horrek eragin du xurgatze lanak aitzinatzea. Arratsaldean amaitu dituzte lanak, erregai guztia xurgatuta.
Atzo ahalegindu ziren erregaia ponpatzen, baina ezin izan zuten. Egun osoan tentsioa nabarmena izan zen Angelun, eguraldia lagun ukan arren. Xurgatze lanei segurtasunez ekin ahal izateko, kroskora heldu behar zuten lehenik. Arratsaldeko hirurak ziren, aroa alde eta itsasbehera. Lanari ekin ahal izateko baldintza egokiak. Bi kamioi ezarri ziren Luno-ko brankaren ondoan erregaia hartu ahal izateko, eustarrian. Indusketa makina bat kroskoaren ondoan, kareleraino heltzen zen beso luze batekin, zurubi gisa baliatzeko. Xurgatze lanak abiaturik zeudela iragarri zuen Herriko Etxeko prentsa arduradunak. Berehalako oharra egin zuen Jean Espilondo Angeluko auzapezak, pozak epelduz. "Erregaia xurgatu ahal izateko, kroskoa zulatu beharko da lehenik".
Dena plantan zegoelarik, espero ez zuten eragozpena atzeman zuten. Itsasoaren talkek tolestu zuten erregai edukiontziko atexka. Ireki ezinean, zulatu behar. Arratsaldeko bostak pasatu ziren eta erabakia hartu behar. Gaur saiatu behar berriz ere. "Tresneria guztia plantan dago, eta horrela geldituko da gau osoan. Gaur berean hasita eta asteburuan gehienez, gasolio guztia xurgatu ahal izatea espero dugu", jakinarazi zuen.