Lur Berrik transgenikoak saltzen jarraituko duenez okupazioari eutsiko diote kontra daudenek

Nekazari kooperatibako administrazio kontseiluak ez du onartu itxialdian daudenen eskaria; hala ere, ereiteko eta salmentako "neurriak zorroztuko" dituela agindu du. Laborariei arto transgenikoa sal diezaieten eragozteko ostiraletik itxialdia egiten ari dira 200 bat lagun Aiziritzen, kooperatibaren bulegoetan. Administrazio kontseiluak salmentarekin segitzea erabaki duenez, okupazioari eusteko hauta egin dute.

2007ko apirilaren 17a
19:27
Entzun
Lur Berri nekazari kooperatibak laborariei arto hazi transgenikoak saltzen jarraituko du, "legeak baimena" ematen dielako. Erabaki hori hartu du gaur administrazio kontseiluak batzarrean Aiziritzen (Nafarroa Beherea). Ez dituzte, beraz, transgenikoen aurka protestan ari direnen eskariak aintzat hartu. Lur Berriren ezezkoaren berri izan ondotik, okupatzaileek batzarrean erabaki dute okupazioarekin aurrera segituko dutela.

Adierazpen laburra irakurri die laborariei Sauveur Urrutiagerre Lur Berriko zuzendariak eta, erabakiaren berri emateaz gain, ereiteko eta salmentako "neurriak zorroztuko" dituela esan die, eta "zazpi hektareatik behera" dituzten nekazariei ez dietela salduko; ondorioz, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako laborariek ez dutela arto transgenikoa ereingo. Hots, Landetako eta Biarnoko nekazariei salduko dizkietela hazi horiek. Okupatzaileek, hala ere, agertu dute ez diotela sinesten, ulerkaitza egiten zaielako Landetako eta Biarnoko laborariak Aiziritzera joatea hazi horien bila, etxetik hurbilago Monsantoren saltokiak dituztenean.



Zuzendaritzako 11 bat kidek egin dute bilera hori, eta ostiraletik transgenikoen erabileraren kontra kooperatibaren egoitzan itxita daudenen ordezkaritza batekin solastea onartu dute. Okupatzaileen batzarraren izenean, hiru lagun joan dira Lur Berriko zuzendaritzako kideekin hitzegitera.

Gaur 500 bat lagun bildu dira transgenikoen kontra Lur Berriren Aiziritzeko bulegoetan. Gero eta babes zabalagoa biltzen ari dira okupatzaileak, jende arruntarena ez ezik, indar politiko, sindikalena eta sozialena. Hala, honako eragile hauek sustengua adierazi diete: PS, UDF, AB, EA, PCF, LCR, Berdeak, ELB, CFDT, LAB, Confederation Paysanne, EHNE, ATTAC, Greenpeace eta Ipar Euskal Herriko 55 auzapezek.

Horretaz gain, 22 euskal eta frantses abokatuk esan dute laborariren batek hazi transgenikoen aferagatik auzitara jo behar badu, doan defendituko dutela.

Ostiraletik okupazioan

Laborariei arto transgenikoaren haziak saltzen hastea erabaki zuen Lur Berrik, dozena bat nekazariren eskaera aintzat hartuz. Erabaki horren aurka, kooperatibaren egoitza okupatu zuten ostiralean 200 bat lagunek, gehienak laborariak eta kontsumitzaileen elkarteetako kideak.

Transgenikoen kontra daudenek ematen duten arrazoietako bat, eremu horretako laborari asko transgenikorik gabeko markari esker bizi direla da, eta inguruan hazi horiek landatzen hasten badira kutsaduraren arrisku handia dutela. Ondorioz, ezingo diotela etorkizunean transgenikorik gabeko markari eutsi. Hori dela-eta, erabakia bertan behera uzteko eskatu diote Lur Berri kooperatibari.

Atzo Dominique Voynet Frantziako presidentziarako Berdeen hautagaiaren bisita jaso zuten Aiziritzen kooperatiban itxita daudenek. Keinu horren bidez, nekazaritza iraunkorra gauzatzeko transgenikoek dakartzen arriskuaz ohartarazi nahi izan zuen Berdeen hautagaiak. Voynetek ez ezik, Jose Bove hautagai altermundialistak ere adierazi die elkartasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.