OROIMEN HISTORIKOA

Lurperatze duina Timoteo Mendietarentzat

Ascension Mendieta alabaren borrokari esker, frankismoak errepresaliatutako aitaren arrastoak lurpetik atera dituzte, eta hura duin lurperatu.

Ascension Mendieta Ibarra, Madrilgo Almudena hilerrian, Timoteo zenaren arrastoak lurperatzen. UGT
2017ko uztailaren 3a
17:01
Entzun

Ascension Mendieta Ibarrak (Sacedon, Espainia, 1925) 92 urterekin lortu du aita Timoteo Madrilgo Almudenako hilerri zibilean lurperatzea. Euskal Herritik Gaztelara joandakoen ondorengoa zen Timoteo, sindikalista, eta 1939an desagerrarazi zuten, 1936ko gerra amaitu ostean.

Ascensionek aspalditik zekien Guadalajarako hilerrian ezkutatu zutela 40 urteko aitaren gorpua, hobi komun batean; hor eman ditu hamarkadak. Horregatik egin zuen salaketa 36ko gerrako eta frankismoko krimenak ikertzeko Argentinan hasi duten kereilaren barruan, Francisco eta Chon seme-alabekin batera. Horregatik joan zen 2014an Buenos Aireseraino, Espainiako justizia administrazioak onartzen ez ziona Maria Servini epaileak entzun ziezaion: "Aitaren hezurrekin batera ehortz nazatela nahi dut".

Servini epaile argentinarrak aginduta Espainian egin ziren lurpetik ateratzeko aurreneko lanetan topatu zituzten Timoteoren arrastoak. Ekainaren 9an identifikatu zituzten aztarnak, eta igandean lurperatu zuten Madrilen. Hainbat lagunen txalo artean egin zuten hilerrirako bidea, Espainiako errepublikako bandera batek estaltzen zituela Timoteo Mendietaren arrastoak.

Ascensionek Timoteoren gorpua bilatzeko eginiko bidean, errepresaliatuak hobitik ateratzeko bi saio egin zituzten. Horietan topatutako aztarnen bidez, 27 familiak identifikatu ahal izango dituzte frankismoan hildako senideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.