Gau guztia eztabaidan igaro ondoren, atzo goizean NBE Nazio Batuen Erakundeko IPCC Klima Aldaketari buruzko Gobernu Arteko Taldeak Lurraren berotzeak izango dituen ondorioei buruzko txosten bateratua onartu zuen. Kalte handien iragarpena egin dute agiri horren lanketan aritu diren ehun herrialdetatik gorako aditu eta zientzilariek. Hala, kalteak orain arte aurreikusten zena baino lehenago nozituko ditugula nabarmendu dute.
Bide horretatik, mila milioi lagun lehorteen menpe biziko direla iragarri dute; espezein %20-30 desagertzeko arriskuan daudela; itsasoaren maila igo egingo dela; oihan eremu asko galbidean daudela, eta uztak murriztu egingo direla, batik bat, Afrikan eta Asian. Hain zuzen ere, naturak ez ezik, aldaketa klimatikoak gizabanakoengan ere eragin zuzen-zuzena izango duela ohartarazi dute, lehen aipatutako lehorteen eta uzta murritzagoek sortuko dituzten goseteen bidez. Gainera, aldaketa horiek denek herrialde eta giza talde behartsuenak erasango dituztela batez ere azpimarratu dute. Europari dagokionez, bero oldeak iragarri dituzte.
Txostenean jasotzen da Lurraren beroketaren eta klima aldaketaren eragilea berotegi efektua sortzen duten gasen igorpena dela, batik bat, erregai fosilen erabileraren ondorioz. Horregatik, txostenaren berri izan eta segituan energia berriztagarrien aldeko apostua egin eskatu diete mundu osoko gobernuei hainbat taldeko ekologistak, hondamendia moteltzeko bide bakarra hori dela iritzita.
IPCC da Lurraren beroketaren kontra aritzeko ardura duen erakunde nagusia. 2.500 zientzilari inguruk parte hartu dute lan talde horretan.
Ingurumena
Lurra berotzearen kalteak uste baino lasterrago nozituko dira, NBEko adituen arabera
Hainbat eztabaidaren ostean, ondorioetan bat etortzea lortu dute 100 herrialdetatik gorako gobernuen ordezkariek. Hondamendia handia iza daitekeela ohartarazi dute, eta herrialde zein jende behartsuenek jasango dituztela kalte handienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu