Datorren urteko ekainean Europako Batasuneko herrialde guztiek garraioaren kanpo kostuak neurtzeko sistemak martxan izan beharko dituzte. Errepide eta trenbide garraioak sortzen dituen klima aldaketa, istripuak eta kutsadura bezalako faktoreek dirutan zenbatzeko neurgailua izango da, hain zuzen ere, kideek baliatu beharko duten lanabesa. Sistema hori erabili eta, 2004. urteko datuak erabilita, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurreko garraioaren kanpo kostua 1.952 milioi eurokoa izan zela azaldu zuten atzo, Bilbon, Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburu Nuria Lopez de Gereñuk eta Iñigo Palomino Jaurlaritzako Garraio zuzendariak.
Garraioaren kanpo kostuak neurtzeko sistemak zortzi aldagai erabiltzen ditu: klimaren aldaketan duen eragina, istripuek eragindako kalte guztiak, zarata, aireko kutsadura, ingurumenaren eta paisaiaren gaineko eragina, hiriguneetako oinezkoei eragindako oztopoak eta denbora galera, zeharkako kostuak eta, azkenik, auto ilarek eragindakoak. Horiek aintzat hartuta, errepideko garraioak kostu guztien %97,6 sortzen dituela nabarmendu eta, horretatik,%62,5 pertsonaren bidaiek eragiten dutela esan zuen sailburuak.
Istripuak dira kanpo kostu gehienen errudunak, urtero ia 800 milioi euroren kalteak eragiten baitituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Halaber, «jendeak uste duenaren kontra», pertsonen garraioak istripu kostu gehienak, %77, sortzen dituela ohartarazi zuen Iñigo Palominok.
Lurreko garraioaren iraunkortasuna lortze aldera, bere sailarena ez ezik, «erakunde eta departamentu guztien elkarlana beharrezkoa» izango dela azpimarratu zuen Gereñuk. Bidaiarien ardura ere aldarrikatu zuten Jaurlaritzako ordezkariek. Ikerketaren arabera, ibilgailu pribatuek sortzen dituzten kanpo kostuak garraio publikoarenak baino hiru aldiz handiagoak dira kilometro bakoitzeko.
Datu horiek aztertuta, Jaurlaritzak abiadura handiko trenaren alde egingo duela berretsi zuen Garraio sailburuak: «Kostuak neurtzeko modua dugulako, tren sarearen aldeko apustu sendoa egingo dugu».
EZTABAIDA, BEHARREZKOA. Lopez de Gereñuk «eztabaidari beldurra» diola esan zuten, bestalde, Batasunak eta ELA sindikatuak. Komunikabideei zabaldutako oharretan, abiadura handiko trenari buruzko «eztabaida eta herri galdeketa beharrezkoa» dela esan zuten erakundeok. Batasunaren arabera, «EAJk, EAk, PSE-EEk, PPk eta Confebaskek, denak bat eginez, herritarroi AHT inposatzea erabaki dute». Horrek, gainera, «dirua tartean denean, bat egiteko inolako arazorik ez» dutela frogatzen du, alderdiaren iritziz.
ELAren ustez, bestetik, Gereñuk «ezin izan du frogatu proiektua baliagarria denik pertsonak garraiatzeko, ezta salgaiak ere». AHT «Espainiako Gobernuak erabaki eta euskal erakundeek besterik gabe onartu» zutela salatu du sindikatuak.
«Kostuak neurtzeko modua dugulako, tren sarearen aldeko apustu sendoa egingo dugu»
nuria lopez de gereñu
eusko jaurlaritzako garraio sailburua
«AHT Espainiako Gobernuak erabaki zuen eta euskal erakundeek besterik gabe onartu zuten»
ELA sindikatua
Lurreko garraioaren kostua gutxitzeko, AHT bultzatzearen alde dago Jaurlaritza
Batasunak eta ELAk berriro eskatu diote Gereñuri herri galdeketa egiteko tren azpiegituraren inguruan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu