Gazaren aurkako erasoaldia

Lurreko indarrak atera ditu Israelek Gazatik, su-etena baliatuta

Gaurtik hasita hiru eguneko menia hitzartu dute bi aldeek. Gazak "bere onera itzultzeko" 30 urte beharko dituela iragarri du Israelek. Erasoaldia hasi zenetik 400 haur hil eta 2.500 zauritu ditu armadak, Unicefen arabera.  

Gizon bat zutik odolez zikindutako ohatila bat ondoan duela. Hilabeteko operazioan 1.800dik gora palestinar hil ditu Israelek. OLIVER WEIKEN / EFE
arantxa elizegi egilegor
2014ko abuztuaren 5a
07:52
Entzun

Amaitu du Israelek "terroristen tunelak" suntsitzen, eta lurreko indarrak atera ditu Gazatik, hiru eguneko su-etena baliatuta. Ez da, ordea, gehiegi urrunduko. Tankeak hesiaren inguruetan geratuko dira, eta hegazkinak ere "erantzuteko" prest egongo dira, erasorik egingo balute ere.

Hilabete iraun duen erasoaldia amaituta, beraz, Israelek ez du oztoporik jarri gaur goizeko 08:00etan —07:00 Euskal Herrian— indarrean sartu den menia berresteko. Hamas ere hizketaldiekin jarraitzeko prest agertu da. "Espero dugu Israel bere burua kontrolatzeko gai izango dela", nabarmendu du Osama Hamdan Hamseko bozeramaileak, akordioaren berri ematerakoan. Hura bere aldetik, erasoaldi osoan zehar egin duen moduan, egindakoa zuritzen ahalegindu da. "Gure helburua beti izan da gure burua babestea. Helburu hori bera lor badezakegu diplomazia erabiliz, bada orduan primeran. Dena den, erne egongo gara Hamasek bere eginbeharrak bete ditzan", ohartarazi du Mark Regevek, Israelgo Gobernuko eledunak.

Nazioartetik ere itxaropenezko hitzak izan dira nagusi. Bai NBE eta baita AEBek ere txalotu egin dute akordioa, eta datozen egunetan "gatazka behin betiko amaituko duen" hitzarmena lortuko den itxaropena agertu dute.

Dena den, hala ez balitz ere, Barack Obamaren gobernuak iragarri du 225 milioi dolar emango dizkiola Israeli misilen aurkako defentsa sistema berritu dezan. AEBetako Kongresuak joan den astean onartu zuen horretarako aurrekontua. Washingtonek lehen ere maiz eman izan dio laguntza militarra Tel Avivi, eta azken asteotan kritika gogorrak eragin ditu horrek. Joan den astean, esaterako, Navi Pillayk, NBEko giza eksubideetarako goi mandatariak, leporatu zion Obamaren gobernuari Israeli milaka milioi dolar ematea armak erosteko, palestinar zibilak hiltzen uzten zituen bitartean.

Hain zuzen ere, atzo ohartarazi zuten gutxienez 5.000 milioi dolar beharko direla Hegi babesgarria operazioak Gaza eragindako kaltea konpontzeko. Hilabete luze iraun duten bonbardaketek ihes egitera behartu ditu 250.000 lagun inguru eta 5.000 etxebizitzatik gora suntsitu ditu. Hildakoak, berriz, 1.800etik gora dira eta zaurituak 9.000 baino gehiago. Azken hildakoak bi adingabe palestinar izan dira, 12 eta 5 urteko anai-arrebak.

Beste aldean, berriz, 67 izan dira hildakoak, tartean hiru zibil.

Bileran berezia NBEn

Gazako egoera eta azken hilabetean egindako giza eksubideen urraketak aztertuko dituzte bihar NBEk egingo duen bilkura berezian. Bertan hitz egingo dutenen artean izango da Pillay. Nazio Batuen Erakundeko giza eskubideetarako goi mandatariak behin baino gehiago egotzi izan dio Israeli giza eskubideak "nahita" urratzea eta nazioarteko legediari "desafio" egitea. Pillayk "egindako gerra krimenen erantzukizuna" aitor dezala eskatu dio Israeli. "NBEren sei eskolari eraso diete. Eta ondorioz, NBEra babes bila etorritako dozenaka zibil izutu hil dituzte. Erantzukizuna onartzeko garaia heldu da".

Herrialde arabiarrek eskatuta egingo du biltzarra NBEko Batzar Orokorrak. Ez da, hala ere, ondorio handirik espero NBEren bileratik. Izan ere, Segurtasun Batzordeak gaur arte 250 ebazpen inguru onartu ditu Israelen eta inguruko herrialdeen arteko gatazkekin lotuta, baina Tel Avivek entzungor egin die guztiei. Horretaz gain, horietan guztietan erasoak eta ekintzak gaitzesten diren arren, ez dute Israel zigortzen, besteak beste estatu juduaren eta AEBen arteko harremana oso estua delako, eta azken horrek beto ekubidea duelako Segurtasun Batzordean.

Ondorioak nazioartean

Erasoaldiak Ekialde Hurbilean ez ezik, nazioartean ere izan ditu ondorioak. Erresuma Batuan, Atzerri gaietarako estatu idazkariak, Sayeeda Warsik, dimisioa eman du Londresek Gazako erasoaldian zehar izandako jarrera salatzeko.

"Ezin ditut gobernu honen politikak gehiago jasan. Zibilen hileketek gelditu behar dute. Berehala su-etena behar da, eta bi aldeen konpromisoa. Gure politikak edozein direla ere gertatzen ari dena zuritzea ezinezkoa da", salatu du Warsik komunikatu batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.