Geroztik, lur mugimenduak ez dira eten urtegiaren inguruan. Espainiako Ingurumen Ministerioak berak onartu behar izan du Itoizko Koordinakundeak hasieratik erran zuena: lurrikarek harreman zuzena eta estua dutela urtegia betetzeko lanekin. Hala eta guztiz ere, lan horiek ez dira eten. Eta lur mugimenduak ere ez. Hori dela eta, egoera oso arriskutsutzat jo dute urtegiaren kontrakoek, eta herritarren segurtasuna bermatzeko eskatu dute.
Datuak argiak dira, Itoizko Koordinakundeko kide Patxi Gorraizen hitzetan: «Urtegia betetzen hasi zirenetik 520tik gora lurrikara izan dira, haietako hainbat urtegian bertan». Izan ere, 2004ko lehen mugimenduak urtegiaren mendebaldean gertatu ziren, eta, denborak aurrera egin ahala, ekialdera eta urtegiaren azpira mugitu dira. Inguru horretan gertatu dira azken boladakoak.
2006. urtean 193 lurrikara zenbatu ditu Espainiako Geografia Institutuak Itoitzen. 2005ean, erakunde beraren datuen arabera, 75 izan ziren. Lurrikarekin batera, zaratak entzuten dira urtegiaren inguruan. «120tik gora soinu handi sumatu dituzte herritarrek jada; zarata handiak dira, leherketen modukoak, eta oraindik inork ez digu zerk eragiten dituen azaldu», salatu du Gorraizek.
Koordinakundeko kideak, hala ere, soinuak urtegiko ezker hegalaren mugimenduak sortzen ote dituen beldur dira. «Halako zaratak entzun izan dira gero behera egin duten mendi hegaletan beste hainbat urtegitan». Koordinakundeak, hain zuzen ere, behin baino gehiagotan salatu du urtegia betetzen hasi zirenetik ezkerreko hegala mugitzen ari dela. Proiektua martxan jarri zenetik hegal horren egonkortasun eza jarri du mahai gainean Koordinakundeak, hainbat adituk egin dituzten txostenen harira, baina Ebroko Ur Konfederazioko arduradunek eta Nafarroako Gobernuko agintariek ez dituzte txosten horiek kontuan hartu.
EZKER HEGALA ERORTZEKO ARRISKUA. «Ezker hegala mugitzen ari da. Oso mantso, baina etengabe», erran du Gorraizek. Horixe dio Zaragozako Unibertsitateko irakasle eta geologian doktore Antonio Casasek egin duen txostenak. Oraingoz milimetro bat edo bi mugitzen omen da urtean, baina erritmo hori noiz azkartuko den jakitea ezinezkoa dela azpimarratu du koordinakundeko kideak.
Lurrikara batek erritmoa azkar dezakeela ohartarazi du Gorraizek, eta gaineratu du arriskua are handiagoa izanen dela urtegia erabat betetzen dutenean. «Ezker hegalaren oinarria bustitzen bada, are egongaitzago bilakatuko da. Eta ez dugu ahaztu behar urtegiko horma nagusia hegal horren gainean dagoela ezarrita». «Hegalak behera egiten badu, hogei hektometro kubiko material mugituko lirateke, hau da, 50 milioi tona».
Ebroko Ur Konfederaziotik Itoitz segurua dela, eta lurrikarengatik kezkatzeko arrazoirik ez dela zabaldu dute beti. Hala eta guztiz ere, aldaketak izan dira erakunde horretako agintarien diskurtsoan. Urtegiaren inguruko herritarrek entzun dituzten soinuei buruz, existitzen ez zirela erran zuen hasieran Jose Luis Alonso presidenteak. Gero, harrobiek sortzen omen zituztela. Hirugarrenik, hegazkinei egotzi zien errua. Orain, sonometroak jartzen ari da Ebroko Ur Konfederazioa Itoitzen, datuak biltzeko asmoz.
Espainiako Ingurumen Ministerioko buru Cristina Narbonak 2005eko udan Madrilgo geologoen eta ingeniarien elkargoei eskatu zien txostenen haritik etorri da iritzi aldaketa hori. Lurrikaren eta zaraten inguruan hiru urteko ikerketa egiteko beharra aipatu zuten elkarte horiek beren txostenetan. Lurrikarak urtegiarekin lotu zituzten, baina bazter utzi zuten Itoitzen hondamendia gertatzeko aukera, haien ustez ez delako litekeena batera gertatzea ezker hegala erabat bustitzea eta lurrikara bat gertatzea.
Gorraizek, ordea, ez du baztertzen aukera hori, lurrikarak ez direlako eten, eta urak gora eginen duen neurrian ezker hegala gero eta gehiago bustiko delako. «Urtegiaz haratago eta honatago dauden herriak arriskuan dira; krimena da Itoitzen egiten ari direna». Urtegia betetzen jarraitzeko arrazoia, Itoizko Koordindakundeko kidearen ustez, Nafarroako ubidea da. «Nafarroako Gobernua, PSN eta UGT Espainiako Ingurumen Ministerioa presionatzen ari dira urtegia betetzen jarraitzeko, ubideko lanek iraunen duten bitartean; hori da haien interesa».
Urak, gehienez, 561 metroko maila ukitu du Itoitzen, oraingoz. Une honetan erabat betetzeko bidean dira lanak, hau da, 586ko mailara ailegatzeko bidean. 558 metroko mailan dago orain ura; 170 hektometro kubiko daude. Orain arteko lanak «arazorik gabe» egin direla azpimarratu du Ebroko Ur Konfederazioak, eta gaineratu du Irati ibaiaren ur emari ekologiari eusteko beharrak baino ez dituela erakunde horren asmoak aldatu.
Geologoen eta ingeniarien elkargoek egin zituzten txostenetan jasotako gomendioei buruz, urtegian sismografo eta sonometro gehiago jartzeko proiektua garatzen ari direla erran dute konfederazioko agintariek.
Proiektu horri buruz Ingurumen Ministerioari informazioa eskatu diotela erran du Gorraizek, baina ez dutela jaso. «Ez digute deus erran nahi».
Zenbakia
193
Hori da 2006an Itoizko urtegiaren inguruan gertatu diren lurrikaren kopurua, Espainiako Geografia Institutuaren arabera. 2004ko martxotik, 520tik gora mugimendu izan direla salatu du Itoizko Koordinakudeak.«Adituek paperetan esandako guztia errealitatean gertatzen ari da »
Itoizko urtegitik gertu bizi diren herritarrentzat ia eguneroko kontua dira lurrikarak. Ez dira, ordea, haiekin ohitu. «Hainbat jendek herritik alde egin du, egoerak bultzatuta», azaldu du David Ardanazek. Agoizkoa da bera. Lanak herritik kanpo eraman du Ardanaz, eta ez du ukatu horrek lasaitasuna eman diola. «Urtegiak erabat baldintzatzen baitu gure eguneroko bizimodua».Lurrikarek eta zaratek herritar askoren artean kezka piztu dute. «Sismikotasunaren kontua zeharka aipatzen zuten proiektuan; arazoa larria dela agerian gelditu da, ordea». Kezka, halaber, ezker hegalari buruz. «Casasek 1999an ohartarazi zuen egongaitza zela, eta mugitzen ari da. Adituek paperetan esandakoa errealitatean gertatzen ari da».
Ardanazek data bat du buruan: 2007ko apirila. Orduan ailegatuko da ura maila gorenera urtegian, aurreikusita dagoenez. «Egoera erabat berria izanen da; ikusiko dugu egoera horren aurrean zein den lurraren erantzuna». Agoiz- ko herritarrek kanpaina hasiko dute laster, politikariei beren egoeraren berri emateko.