EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA

Lutxanako tunelak itxi egingo dituzte, asteburuko bortxaketa ahaleginaren ostean

Barakaldoko Udalak jakinarazi du gaur bertan itxiko dituztela tunelak, eta bi pasabide egiteko proiektua asteon eramango diola diputazioari. Lanak uda aurretik hasi nahi dituzte.

2013ko apirilaren 22a
15:15
Entzun

Lutxanako tunelak itxi egingo dituzte gaur bertan, Barakaldoko Udalak berri eman duenez. Sexu eraso bat izan da asteburuan; 15 urteko neska batek salatu du bortxatu egin nahi izan dutela. Azken urteetan andreentzat leku arriskutsu gisara hartua daukate leku hori, eta maiz eskatu dute neurriak hartzeko. Herriko etxeak presazko agerraldi bat egin du eguerdian, eta jakinarazi du tunelak itxi egingo dituela gaur bertan.

Bi pasabide egiteko proiektu bat Bizkaiko Diputazioari aurkeztuko diola berri eman du Alfonso Garcia Azpiegitura zinegotziak. Auzotarrek eta emakume elkarteek urteetan eskatu dute hori. Udalaren arabera, inguruan errepide bat dagoenez, aldundiaren baimena behar dute obrak egiteko. Areago, uste du lanaren gastuaren zati bat diputazioak pagatu beharko lukeela. 245.000 euroko aurrekontua dute obrek, eta erdi bana pagatzea proposatuko dio udalak aldundiari. Garciak gogora ekarri du bere garaian tuneletan kamerak jartzeko prest azaldu zela aldundia, 100.000 euro jarrita. Auzotarren babesik ez zuen jaso proposamen horrek, tunela altuera gutxikoa izanik kamerak erraz kenduko zituztelakoan. Udalak dio kamerak jartzeko dirutza hori jartzeko prest bazegoen aldundia orain pasabideak egiteko ere prest egon beharko lukeela. 

Obrak uda aurretik hasteko asmoa du herriko etxeak, eta urte erdi iraungo lukete. Horiek egin bitartean, bide luzeagoa egin beharko dute herritarrek, eta beste tunel batzuk erabili beharko dituzte. Udalak nabarmendu du tunel horiek seguruak direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.