Lutxanan, CEPSA lantegiaren inguruan, txabola batzuk lurrarekin berdindu eta bertan bizitzen jartzekoak ziren hamabi gizon gazte bota egin ditu Barakaldoko Udalak (Bizkaia).
Astearte eta asteazken bitartean hustu zuten txabolen eremua. Udaltzainek bota zituzten bertan jartzeko asmotan zirenak, eta udal langileek bota dituzte txabolak, gaur udalak azaldu duenez.
Udaltzainek astearte arratsaldean bi gizonezko ikusi zituzten, jarraitu, eta sasitza baten atzean ezkutaturik zegoen txabola gune bat aurkitu zuten. Bi ja eraikita zeudela eta beste zazpi eraikitzen ari zirela zehaztu du udalak.
Obretarako eta orubean egokitzeko baimenik ez zutela ohartarazi zieten udaltzainek, eta alde egin behar zutela esan zieten. Asteazkenean lekura itzuli ziren udaltzainak, eta bertan sei lagun atzeman zituztela azaldu dute gaur.
Papergabe bat, Espainiako Poliziaren esku
Udaltzainek identifikatu egin zituzten, eta haietako bat Espainiako Poliziaren eskuetan utzi zuten, paperik gabe egoera irregularrean bizi baitzen.
Datozen egunetan ingurua kontrolatzen jarraituko duela ohartarazi du udalak. Barakaldon txabolak "guztiz debekatuta" daudela gaineratu du.