Hobe delako borrokan hiltzea gure herria eta santutegia suntsitzen ikustea baino. Iruñeko Erorien Monumentuko kriptan idatzita dagoen esaldia da. Kriptaren erdian idatzi zuten, urre koloreko letrekin, 1936ko kolpe militarra antolatu zuen buruzagietako baten hobiaren gainean: Emilio Mola. Harekin batera Jose Sanjurjo buruzagia ere bertan hobiratu zuten, Francisco Franco diktadorearen aginduz; ohorezko tokia gorde zien.
[youtube]https://youtu.be/Z3gEVFE9718[/youtube]
Bi buruzagiak, ordea, luxuzko kriptatik aterako dituzte. Memoria Historikoaren Legea betetze aldera Iruñeko Udalak hartutako erabakietako bat izan da, Nafarroako Parlamentuaren babesa jaso duena. Erabaki horren kontra pintaketak azaldu dira Iruñean zehar, eta politikarien artean ere zeresana eman du.
Urte luzez itxita egon da Erorien Monumentuko kripta; meza pribatu baterako baino ez du irekitzen artzapezpikuak, urtean behin: uztailaren 19an, Molak gerra iragarri zueneko urteurrenean. Irudiak hartzeko aukera eman zuten atzo, azken asteotan sortu den eskaria betetzeko. Biribil formakoa da kripta; Francoren alde eroritako beste sei gizon nafarrekin partekatzen dute Molak eta Sanjurjok: Jaime Munarriz Escondrillas, Joaquin Sota Garaioa, Severiano Arregi Olalkiaga, Pedro Martinez Chasco, Dimas Aznar Zozaia eta Joaquin Aznar Zozaia. Hala ere, ohorezko lekua gorde zieten Mola eta Sanjurjori; kriptaren erdi-erdian lurperatu zuten Mola, eta aldarea ere hilobiaren parean jarri zuten. Sanjurjoren hobia, berriz, aldarearen atzean dago.
Dena den, Molaren hobia gainontzekoen gainetik dago. Batetik, kriptaren erdian kokatuta dagoelako. Eta, bestetik, berea delako paretan sarturik ez dagoen hobi bakarra. Kriptara sartu, eta aurrez aurre dago; besteenak, berriz, alboetan daude. Hobiez gain, meza emateko aldarea eta eserlekuak daude, Jesu Kristo gurutziltzatuaren irudiarekin eta Espainiako banderarekin batera.
Kriptaren sarrerako pasabidean, Francoren alde eroritakoen zerrenda ere badago, herrika banatuta; Tutera, Tulebras, Ultzama, Ukar eta Uxue. Gainontzeko herrietako zerrendak Erorien Monumentuko beste eremu batzuetan daude.
Bakoitzak berea dauka
Hildako bakoitzak esaldi bana dauka grabatuta bere hobiko harrian. Nafarroak, Molari irakur daiteke Molaren hobian. Sanjurjorena antzekoa da: Sanjurjori, bere herriak. Gainerako harrietako esaldietan ez dago Nafarroari erreferentziarik; euren bizitzak laburbiltzen dituzten adierazpenak jarri zituzten. Guztien gainetik, bat: Hobe delako borrokan hiltzea gure herria eta santutegia suntsitzen ikustea baino. Kriptan hobiratutako guztiak Francoren alde borrokan erori zirela kontuan hartuta, esan daiteke lurperatutako guztien omenez jarri zutela esaldia. Halaber, hobi bakoitzaren alboan hobiratutakoen historia errepasatzen duen afixa ere badago: Gurutzeko Zaldun Boluntarioen Ermandadeak idatzitako orriak dira.
Sinboloz beteta dago kripta, erlijioaren eta politikaren artean partekatua: Espainiako bandera edo Jesu Kristo gurutziltzatuaren irudiak daude, besteak beste. Alta, sinbolo guztietatik bat da nabarmentzekoa: San Fernandoko gurutze ereinozduna. Molaren hobian ez ezik, Sanjurjoren hobiaren gaineko paretan ere jarrita dago. Kutsu militarreko zaharrena eta gorena da. Emilio Molari 1937. urtean eman zioten, Nafarroari bezalaxe; Sanjurjori noiz eman zioten zehaztu gabe dago.
Haserrea sortu dute
Joseba Asiron Iruñeko alkatearen eta bi militar frankistak hobitik ateratzearen erabakiaren kontrako pintaketak agertu dira azken asteotan Iruñean: Asiron, utzi bakean hildakoak zioen batek. Nafarroako Parlamentuko eledunen batzordean alderdi guztiek gaitzetsi zituzten erasoak. Hala ere, politikaren alorrean, pintaketak baino polemika handiagoa sortu dute Jorge Fernandez Diaz Espainiako jarduneko Barne ministroaren hitzek: «36ko gerra bukatu eta ez dakit zenbat urtera irabazi nahi dute batzuek: espainiar eta nafarrek aurrera egin nahi dute».
Uxue Barkos Nafarroako presidenteak «oso zoritxarrekotzat» jo ditu Fernandez Diazen hitzak: «Legedia zein Memoria Historiakoaren Legea urratzen ez badute, urratzeko zorian daude». Joseba Asiron Iruñeko alkateak esan du Fernandez Diaz persona non grata izendatzea aztertuko duela, eta gobernua osatzen duten lau alderdiei ere proposamena aurkeztuko die. Carmen Alba Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariari, ordea, «barregarria» iruditu zaio Fernandez Diaz persona non grata izendatzeko proposamena, eta ministroaren hitzekin bat egin du. Udalaren haserrea partekatzen duela adierazi du Barkosek, baina ez da mintzatu Asironen proposamenaz.
Ikusi argazki bilduma.