Consumer aldizkariak 2001eko urrian alderatu zituen Hego Euskal Herriko hiriburuetako zergak, eta, zenbakiak egin ondoren, honako ondorioetara heldu zen: Donostiakoa oso garesti, Gasteizkoa merke samar eta Bilbo eta Iruñekoa bitartean.
berriak udaletatik aste honetan jasotako datuek berretsi dute Donostian etxebizitzagatik pagatzen ari den zergaren zenbatekoak parekorik ez duela, dela hiriko zonalderik garestienean (Kontxan), dela auzo berriren batean (Benta Berrin).Gasteizek eta Iruñeak, berriz, antzeko indizeak agertu dituzte hala leku garestian nola auzo berrian, baina kontua da bi hiriburuetan ere katastro berriak eraginak izango dituela norberak pagatu beharreko diru kopuruan: Gasteizen datorren urtean bertan aplikatuko da, eta, horren eraginez, askoz gehiago ordaindu beharko da (udal arduradunentzat, batez besteko igoera %29koa izango da, baina bizilagunek erantzun dute benetakoa %50etik gorakoa izango dela).Iruñean ere katastroa ez da berritu 1986. urteaz geroztik, eta, duela hiru urte saiatu bazen ere, Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko eskumen arazoak zapuztu zuen ahalegina. Alabaina, laster batean ebatziko da, eta litekeena da eguneratzeak igoerak ekartzea.Bilboko kasua, azkenik, oso berezia da, hiriko tokirik onenean aurten pagatutakoa ez baita heltzen Donostiako Loiolan ordaindutako zergara. Udalaren arabera, desoreka deigarri hori katastroa eguneratu gabe izatetik dator.
«Espekulazioaren ondorio»
Etxebizitzena zerga zuzena da. Zenbatekoa kalkulatzen da bi osagai biderkatuta: katastroaren balioa eta tipo edo zerga koefizientea. Katastroaren balioa ateratzen da lurzoruaren eta eraikinaren balioak batuta, eta merkatuko balioaren arabera lortzen da; batzuen ustez, hortxe dago koska, etxebizitzaren arazoan nagusi bihurtutako «irizpide espekulatzaileak» erabiltzen baitira merkatuko balioak aintzat hartuz.
«Etxebizitzen zerga espekulazioaren ondorio zuzena da», salatu du Elkartzen taldeko kide Igor Uriartek: «Katastroaren arabera ateratzen da. Katastroa eguneratzean, merkatuko balioari jarraiki egiten da. Baina etxea ezin liteke horrela neurtu, lehen mailako beharrizana delako: nahiz eta espekulatzaileak egon badauden, jende gehienak bizitzeko behar izaten du».Gauzak hala, katastroaren balioak izugarri hazi dira 90eko hamarkadatik: Consumer-ek jakinarazi zuenez, inflazioak izan duen bilakaera halako bi baino gehiago. Aldi berean, udalek muzin egin izan diote eguneratzeari. Gasteizko kasua da, non 16 urte igaro diren egunean jarri gabe, EAJ-PSEren korporazioak duela zortzi urte auziari heltzea bazter utzi ondoren.Baina Gasteizkoa ez da salbuespena. Bilboko balio katastralak ere 70eko hamarkadakoak dira. Eta Donostian ere 25 urte inguru zeramatzaten eguneratu gabe, mende aldaketarekin egin zuten arte...Kasu orotan bistan dago udal arduradunek, hauteskundeak bata bestearen atzetik etorrita, izua diotela gaiari, zergen igoera «batere neurri atsegina ez baita». Ixidro Esnaola ekonomistak dio hori. Katastroaren berritzea «kostu handiko lana» dela nabarmendu du. Horregatik, zio biak bat eginda, ulertzekoa da udal gobernu bakoitzak erabakia hurrengo gobernuaren esku uztea, posible den bitartean, behintzat.Esnaolaren esanetan, argi geratu da etxebizitzen prezioak igotzen diren neurrian igotzen direla zergak ere, eta, beraz, aurre egin behar zaiola «amaigabeko eskaladari». Nola? Lehen-lehenik, doikuntzak orokortuz: «Zerga txikiagoa pagatuz etxean bizi izanez gero, eta handiagoa bigarrena bada». Esnaolaren arabera, bada irtenbide bat herritarrek luxuzko zerga bat ordaintzera ez behartzeko: alokairuko etxebizitzen eskaintza sustatzea.
Oraingo joera guztiz kontrakoa da baina: Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Kontseiluak asteon emaniko datuen arabera, 1993an Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako etxebizitzen %9 zeuden alokairuan; egun %7,3 besterik ez. Eskaintza hori «oso eskasa» dela salatu du Kontseiluak.
-
IPAR EUSKAL HERRIA
Bi zerga mota ordaindu behar dira Baionan
Baionako Herriko Etxeak hedabide honi eskainitako argibidearen arabera, Baionako herritarrak bi zerga mota pagatu beharrean daude: alde batetik, lur jabetzaren gainekoa (520 euro inguruko kuota da urtean); eta, bestetik, bizitze zerga (742 euro lehen etxebizitzagatik eta 914 bigarrena baldin bada). Dena dela, bizitze zerga pagatu beharrik ez dauka Baionako bizilagun guztien heren batek, gutxieneko diru sarreretara ez heltzeagatik.
Lurraren balioa edo etxebizitzaren erabilpenagatik ezarritako zerga kalkulatzeko hainbat elementu hartzen dira kontuan: etxearen metro koadro kopurua, eraikinaren kalitatea, erosotasuna eta abar. Horren arabera, Baionako Herriko Etxeak zortzi maila finkatu ditu eta bakoitzari dagokion zerga mota jakinarazten dio. Bereizketa, beraz, ez da auzotegika egiten.Bizitze zergari dagokionez, aipatu xehetasunari norberaren egoeraren ezaugarriak gehitu behar zaizkio: lehenengo edo bigarren etxebizitza den, urteko irabaziak, haur kopurua eta abar. Hala, herriak finkatutako kopuruari departamenduko zerga kopurua gehitzen zaio.