gizartea

Luzarragak dio "zigorren artean onenetakoa" jarri diola Txilek, "onartzea gogorra den arren"

220 eguneko espetxe zigorra jarri diote euskal idazleari, etxean lehergailuak egiteko materiala izatea egotzita. Fiskalak bost urteko kartzela eskatu zuen ostegunean. "Garaipen partziala da", esan du gaur Asel Luzarragak. Txiletik kanporatzeko arriskua du orain.

2010eko irailaren 8a
16:40
Entzun
Pozik baina haserre. Edo alderantziz. Halaxe dago Asel Luzarraga idazle eta itzultzailea (Bilbo, 1971) Txileko Justiziarekin. Etxean lehergailuak egiteko materiala izatea egotzita, bere kontrako bost urteko kartzela zigorra eskatu zuen ostegunean fiskalak, eta atzo epaileak 220 eguneko espetxe zigorra jarri zion. Luzarragak beti esan izan du ez zuela merezi zigorrik, ez zuelako parte hartu eraso haietan. "Gogorra da zigorra onartzea erabat errugabea zarenean", esan dio gaur goizean Euskadi Irratiari berak. "Baina zigorren artean hau da onenetakoa".

Aske geldituko da Luzarraga. Izan ere, dagoeneko 250 egun bete ditu atxilotuta. Iazko abenduaren 31n atzeman zuten, Txileko bere etxean, Padre de las Casas herrian, La Araucania eskualdeko Justizia Auzitegiaren aurka lehergailuekin atentatua egitea eta beste hiru erasorekin lotura izatea egotzita, eta fiskalak hasieran hamar urteko kartzela eskatu zuen. Abenduan atxilotu ondoren, idazleak 40 egun inguru egin zituen Temucoko kartzelan, eta otsailaz geroztik etxeko atxiloaldian eduki dute.

"Txileko Justiziak politikoki zuzena den erabakia hartu du. Egoera ikusita, epaileak ezin ninduen errugabe jo. Baina hain zigor txikia emanda, esan daiteke errugabe gisa jo nautela. Moralki irabazlea nintzen, eta orain garaipena partziala da", euskal idazlearen ustez. "Dena dela, hilabete hauetako kaltea nahikoa handia izan da".

Fiskaltzak beste prozedura bat hasi du Luzarragaren aurka, Txiletik kanporatzeko. Auzi hori nola garatuko den ikusteko dago, oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.