Gaur eman dute M-11ko atentatuen epaiketaren epaia, eta honek garbi azpimarratu du, hasieratik: ETAk "inolako" zerikusirik ez zuen izan eraso haiekin, "batere frogarik ez dagoelako". Javier Gomez Bermudezek irakurri du epaiaren laburpena -600 orrialdekoa da epaia bera-, goizeko hamabiak laurden gutxitik, Madrilen. Bermudezek ez ezik, Fernando Garcia Nicolas eta Alfonso Guevara epaileek ere sinatu dute ebazpena.
2004ko martxoaren 11n izan ziren atentatuak Madrilen, lau trenetan, eta 191 hildako eragin zituzten. Erasoak izan eta gutxira, Jose Maria Aznar (PP) Espainiako presidentearen gobernuak ETAri egotzi zion erasoa. Gerora, ordea, argitu zen ez zirela haiek erantzuleak, Al Kaedaren adar bat baizik, oharra atera zuelako honek. "Islamaren kontrako gerran amerikarren aliatu da Espainia, eta gurutzadetako Espainia horrekin aspalditik dugun zorraren zati bat da atentatu hau".
Baina zenbaitentzat frogak ez ziren nahikoak, eta askok “konspirazioa” zegoela salatu zuten, esanez bai Espainiako Poliziak eta bai auzitegiko medikuek frogak manipulatu zituztela.
Fiskaltzak joan den ekainean ondorioak aurkeztu zituenean Espainiako Auzitegi Nazionalean -aurten izan da epaiketa-, “atentatuak Al Kaeda erakunde terroristaren babesarekin egin zituzten”, esan zuen. “Zenbait pertsona saiatu dira etsi-etsian Poliziaren konspirazio bat aurkitzen, ikerketak zioena gezurtatzeko. Egia bilatzea bezain ederrik ez dago ezer, baina gezurra bilatu eta hura egia bilakatzen saiatzea baino iraingarriagorik ez dago”, zioen Javier Zaragoza M-11ri buruzko auziko fiskal nagusiak.
Zenbait erakunde eta haien abokatuak bestelakorik frogatzen saiatu diren arren, epaiketa aurrera joan ahala gainbehera joan dira konspirazioaren teorian sinesten zutenak. Akusatuei behin eta berriz galdetu izan diete ETAko presoekin edukitako harremanei buruz, eta erakunde horrek emandako laguntzari buruz. Haien teoria guztiak erori egin dira gaurko epaiarekin.
Teoria horren aldekoen argudio nagusia lehergaiarena izan da. Haien esanetan, ekintzaileek Titadyne erabili zuten erasoan. Lehergai mota horixe bera da ETAk erabili ohi duena. Frogek bestelakorik erakutsi dute, bonbak Goma2 ECOrekin egin zituztelako, eta gaurko epaiak horixe esan du.
ETA atentatuen atzean zegoen edo ez argitzeko asmoz, Unai Parot, Gorka Vidal eta Izkur Badillo etakideak lekuko gisara deklaratzera deitu zituen Gomez Bermudez epaileen buruak. Epaiak dio ETAk ez zuela zerikusirik izan eraso haiekin.
Zigorrak
Ustez atentatuekin zerikusia izan zuten 28 lagun epaitu dituzte aurten -islamistak gehienak- eta, haien artetik, bi lagunek ia 43.000na urteko kartzela zigorra jaso dute: Jamal Zougamek -egileetakoa izateagatik; 42.922 urte- eta Otman el Gnaouik -egileetakoa izateagatik; 42.924 urte-. Heriotza bakoitzagatik eta bi aborturengatik 25 urte bota dizkiete, eta "hilketa saio" -zauritu- bakoitzagatik 15. Jose Emilio Suarez Trashorrasek 34.715 urteko kartzela zigorra jaso du -lehergailuak saltzeagatik-.
Beste zazpi lagun ere egiletzat dituzte, baina hauek 2004ko apirilean hil egin ziren, Leganesen (Madril). Buruaz beste egin zuten etxebizitza batean, Espainiako Poliziak inguratuta zeuzkala, eta polizia bat ere hil zen leherketaren ondorioz.
Rabei Osman al Saied Egiptoarra-ren kasua izan da nabarmenena, libre utzi dutelako. Atentatuaren egile intelektuala izan zen akusazioaren arabera, Jussef Belhadjekin eta Hassan el Haskirekin batera, baina epaiak absolbitu egin du. Egiptoarra Italian atxilotu zuten 2004ko ekainean, eta haren kontrako froga bakarra telefonozko elkarrizketa bat zen. Hori dela-eta, haren abokatuak eskatu zuen errugabetzeko, eta haren kontrako akusazioa indargabetzeko. Epaiak arrazoia eman dio. Belhadjek hamabost urteko kartzela zigorra jaso du eta eta El Haskik hamabikoa, erakunde armatuko kidea izatea leporatuta. Hirurentzat ia 39.000 urteko kartzela zigorra eskatua zuten.
Beste sei akusatu ere libre utzi dituzte: Antonio Toro, Carmen Toro, Emilio Llano, Mohamed Moussaten, Javier Gonzalez Diaz eta Ivan Granados.
Biktimei kalte-ordaina
Bermudezek irakurritakoaz beste datu garrantzitsu bat: atentatuetako biktima denek jasoko dute kalte-ordaina -191 hildako egon ziren eta 1.856 zauritu-. Bakoitzak gutxienez 30.000 euro jasoko ditu. Haietako zazpik milioi eta erdi euro, eta beste batek milioi bat gehiago.
Espainiako Gobernuak orain arte 60 milioi euroko laguntza eman die biktimei.
M-11ko epaiketa
M-11ko atentatuekin ETAk "inolako" zerikusirik ez zuela izan azpimarratu du epaiak
"Batere frogarik ez dago", esan dute epaileek. Duela hiru urteko erasoak izan eta gutxira, Aznarren gobernuak ETAri egotzi zion, eta PPk eta zenbait hedabidek horri eutsi diote urteotan. Bi lagunek 40.000 urte pasako kartzela zigorra jaso dute, eta beste batek ia 35.000koa. 28 akusatuetatik zazpi libre utzi dituzte; haien artean, akusazioek erasoen bultzatzaile nagusitzat jo duten Rabei Osman al Saied 'Egiptoarra'.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu