Hauteskunde kanpaina «zozoa» zela ziotenek orain dela lau eguneko egoerarekin egiten dute amets. Madrilgo atentatuen aurrekoak amets. Ez da erraza 200 hilak eta 1.400 zaurituak ahaztu eta Espainiako Gorteetarako hauteskundeen inguruko kalkuluekin hastea, baina ezinbestekoa da; bihar, egoerak egoera, hauteskundeak egingo baitira Espainiako Gorteetarako ordezkaritza eta, ondorioz, Espainiako presidentea aukeratzeko. Hauteskundeak, zalantzarik gabe, ostegunean egindako atentatuen itzalean egingo dira, kanpaina bera ere bi egun motzagoa izan baita, alderdi guztiek kanpaina bertan behera utzi ostean. Hori bai, atentatuen ostean alderdi gehienek botoa ematera deitu dituzte herritarrak.
Hego Euskal Herrian ere bi milioi herritar baino gehiago daude bozkatzera deituta; 24 diputatu daude jokoan; 10 alderdi nagusik dute ordezkariren bat lortzeko posibilitatea, eta, aukera bat legez kanporatuta, Bergarako Ekimenak sustatutako autodeterminazioaren aldeko botoak ere izango du bere isla, boto baliogabeak izango diren arren. Hego Euskal Herrian ere luzea izango da Madrilgo gertaeren itzala. Izan ere, Espainian bezala, PP-UPN da Hego Euskal Herrian boto gehien lortzen duen indarra; eta, zalantzarik gabe, Madrilgo atentatuek eragin zuzena izan dezakete boto aukera horretan. Kontuan izan behar da PP-UPNk goia jo zuela 2000. urteko hauteskundeetan eta orduz geroztik bozkalekuetan izandako hitzorduetan ez dutela inoiz halako emaitza ikusgarririk lortu. PP sutsuki ari da egilea ETAizan dela defenditzen, baina zalantza kalean dago, eta horren adibide ugari ikusi ditugu herenegundik. Atzo arratsaldeko atxiloketek bestelakorik erakusten duten arren, eta Al Kaedaren inguruko talde bat izan daitekeela dioten zantzuak gero eta argiago izanik, «nor izan da?» galdera bor-bor dabil kalean; eta inoiz ikusi gabeko erreakzioa izan da, batez ere Madrilen.
Gehiengoa kolokan?
«Botoa eman aurretik, egia nahi dugu», zioten atzo PPk Genova kalean duen egoitzaren aurrean bildutako milaka eta milaka madrildarrek; eta hauteskundeen aurretik egia jakin beharraz PSOE, IU, EAJ eta beste hainbat alderdi ere mintzatu ziren. Argi dago PPk lortuko zukeen boto kopurua ez litzatekeela bera izango atentatuen egilea ETA izan edo Al Kaeda izan.
Aznarrek duela zortzi urte egindako promesa ez betetzea esan nahiko luke atentatuaren egilea ETA izateak, Espainiako presidenteak ETA amaituko zutela agindu baitzuen 1996ko hauteskundeak irabazi aurretik. Baina horrek ez lieke kalterik egingo PPren emaitzei; aitzitik, agian mesede ere egingo lieke, eta inoiz baino gehiago babestuko lukete Espainiako herritarrek PPren diskurtso gogorra. Pentsatzekoa da, hala ere, botoemaileen erreakzioa oso bestelakoa izango litzatekeela Gobernuak Al Kaedaren inguruko talde bat izan dela erabat baieztatuko balu. Izan ere, Aznarren eta bere gobernuaren nazioarteko politikak, Irakeko erasoan izandako inplikazio zuzenak bere garaian ere izan zuen herritarren erantzun eta gaitzespen masiboa. Pentsatzekoa da are gaitzespen gehiago jasoko lukeela herritarren borondatearen kontra gerra aukeratu izanak eta gerra hori Madrilgo herritarren kontrako eraso bilakatu izanak, eta horretarako aukera hautesontzietan izango lukete herritarrek.
Hori horrela izanik ere, eta Al Kaeda inguruko talderen baten egiletza gero eta garbiago den arren, lau egun baino ez dira pasatu Madrilgo atentatuak gertatu zirenetik, eta milioika eta milioika herritarren boto aukera egun batetik bestera aldatzea ez da hain erraza.Ildo horretan, aipagatzekoa da iragan astean egindako inkestek boto asmoari buruz esaten zutena. Batetik bestera aldea egon zitekeen arren, PP garaile irteten zen guzti-guztietan; batzuetan gehiengo osoarekin, eta beste alderdiren batekin ituna egitea eskatuko liokeen gehiengo nahikoarekin besteetan. Inkesta, analista politiko, kazetari eta herritarrrak, guztiak zeuden ados PPk irabaziko zuela; eta zalantzan zegoen bakarra zen garaipen hori zenbateko aldearekin lortuko zuen. Madrilgo atentatuek hori zenbateraino aldatuko duten aurreratzea ez da erraza, eta hori jakiteko gaur gauera arte itxaron beharko da. Bitartean, inoiz asmatzen ez duten zundaketak entzutea baino ez zaigu gelditzen.
24 diputatu jokoanHego Euskal Herrian
Hego Euskal Herrian ere izan daiteke aldaketarik: 24 eserleku jokoan, eta 10 alderdi joko horretan emaitzak lortu nahian PP, UPN, PSE-EE, PSN, EAJ, EA, IU, CDN, Nafarroa Bai eta Aralar-Zutik. Madrilgo atentatuekin, pentsatzekoa da 2000ko emaitzak aldatuko direla; batetik, PPk ez duelako inoiz orduko boto kopurua berriz lortu, eta, bestetik, Espainiako Gobernuaren azken lau urteetako jarrerak eta, batez ere, azken hiru egunetakoak ez diolako lagunduko.
Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan alderdiek duten ordezkaritza, egun, hau da: 10 eserleku PP-UPNk, zazpi EAJk, sei PSE-PSNk, eta bakarra EAk. IUk eta CDNk ez zuten diputaturik lortu, eta orduko Herri Batasunak abstentziorako deia egin zuen. Egoera nabarmen aldatu da, eta ez soilik Madrilgo atentatuen eraginez. Izan ere, Batasuna legez kanporatuta, eta Bergarako proposamenak aurrera egin ez zuenez, autodeterminazioaren aldeko botoa eskatu du ezker abertzaleak. Bestetik, bi alderdi gehiago sartzen dira lehian: Aralar-Zutik koalizioa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; eta EAk, Aralarrek, Batzarrek eta EAJk osatutako Nafarroa Bai. Inkestetan biek dute diputaturen bat lortzeko aukera.
M-11tik M-14ra
Lau egun eskasean, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako emaitzak ia ziurra izateari utzi eta zalantzazkoa da orain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu