M-15 eta Benetako Demokrazia Orain mugimenduek haserre hartu dute PSOEk eta PPk adostutako Espainiako Konstituzioaren erreforma, hots, egiturazko defizita testu horren bidez mugatzekoa. Hori dela eta, mobilizazioak antolatu dituzte biharko: manifestazioa egingo dute Donostian, 19:00etan, Bulebarretik abiatuta, Konstituzioaren erreforma? Erabaki nahi dut lelopean. Bilbon, Gasteizen eta Iruñean elkarretaratzeak egingo dituzte; lehen bi hirietan 19:00etan, eta Iruñean, 20:00etan.
M-15 eta Benetako Demokrazia Orain mugimenduetako kideen iduriko, ongizate estatuaren murrizketa da, funtsean, Konstituzioaren aldaketaren bidez aurrera eramango dutena: "Halakorik aitortu ez badute ere, Greziakoaren edo Portugalgoaren antzeko salbamendu bat, jendearen etorkizunari jarritako hipoteka handi bat". Gainera, Konstituzioaren aldaketa herritarren iritzia kontuan hartu gabe gauzatu nahi dutela erantsi dute, eta erreferenduma aldarrikatzen dute, erabakitzeko eskubidea gauzatze aldera.