Macronek txertoaren hirugarren dosia jartzeko kanpaina hasiko dutela baieztatu du

Irailetik aitzina adinekoek eta herritar zaurgarriek koronabirusaren kontrako txertoaren hirugarren dosia jartzen ahalko dutela erran du. OMEk, ordea, horren inguruko moratoria eskatu du, txertaketa kanpainaren desoreken ondorioz.

Baionako txertaketa gunea, artxiboko irudian. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko abuztuaren 5a
12:38
Entzun

COVID-19aren kontrako erantzun immunitarioa sendotzeko, hirugarren dosia jartzen hasiak dira zenbait herrialdetan, hala nola Israelen eta Alemanian. Goizean, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak baieztatu du irailetik aitzina hirugarren dosia jartzeko kanpaina hasiko duela Frantziak. Macronen asmoa da adineko herritarrak eta herritar zaurgarriak lehenestea hirugarren dosia jartzeko, eta adierazi du Frantziako Gobernua dagoeneko hasia dela kanpaina prestatzen. Instagram sare sozialean argitaratutako bideo batean eman du horren berri Macronek. «Dirudienez, hirugarren dosia beharrezkoa izanen da, ez berehala, eta ez denentzat, baina adinekoentzat eta birusaren aurrean zaurgarri direnentzat, bai», azaldu du.

Macronek, beraz, OME Osasunaren Mundu Erakundeak eskatutako moratoriaren kontra egin du. Izan ere, atzo, OMEk txertoaren hirugarren dosia jartzeko urratsetan atzera egiteko eskatu die horretan ari diren herrialdeei. «Ulertzen dugu gobernuek herritarrak delta aldaeraren aurrean babesteko duten kezka, baina ezin dugu onartu txerto baliabide gehienak erabili dituzten herrialdeek oraindik ere gehiago erabiltzea, eta, bitartean, munduko populaziorik zaurgarrienek babesik gabe jarraitzea», adierazi zuen erakundeko Tedros Adhanom Ghebreyesusek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.