Baikorrenek lau parlamentari lortuko zituztela espero zuten, baina Bilboko Abando hotelean bildu ziren EB-Berdeak alderdiko militanteak 300 inguru pozik zeuden hiruri eutsi egin dietelako. «Gure espazio politikoa eta elektorala sendotu ditugu», esan zuen Javier Madrazo EB-Berdeak alderdiko koordinatzaile nagusi eta lehendakarigaiak. Emaitzei erreparatuz gero, «euskal ezkerraren indarra ezinbestekoa» dela esna zuen, «ideologia eta pentsaera ezberdinak elkarrekin bizi diren euskal gizarte zabal honetan». Eta «euskal ezker ekologistak, feministak eta antikapitalistak» oinarri sendoak dituela gaineratu zuen.
Eusko Legebiltzarreko hauteskunde hauen ostean gehiengo osorik ez dagoela eta, ondorioz, Eusko Jaurlaritza osatzeko adostasunak bilatu beharko direla nabarmendu zuen Madrazok: «Bide federalak, zubiakeraiki beharko dira, guztion artean Euskadi eraiki dezagun». Orain arte Eusko Jaurlaritzan parte hartu duen alderdiaren ustez, gobernu berria osatzeko ekimena EAJ-EAri dagokio. Beraz, beraiek ez zuten aurreratu zein koalizio babestuko luketen. «Bihartik aurrera hitz egingo dugu, luze eta zabal». Hala ere, Abando hoteleko elkarrizketa gaia zen EAJk eta PSOEk koalizioa egingo ote duten hipotesia.Alderdi guztien arteko elkarrizketa mahaia osatzea izango da EB-Berdeak alderdiarentzat legealdi berriko helburu nagusia. «Nazionalistek, konstituzionalistek eta federalistok estatutu politiko berri bat egin behar dugu; guztion artean adostu behar ditugu joko arauak». Gizarteak hala eskatzen duelako, alderdi guztiek mugitu egin behar dutela esan zuen Madrazok, eta guztiak bat etortzen diren puntuak bilatu behar dituztela. Haren ustez, bide horretatik etorriko dira bakea eta normalizazio politikoa.
Alderdien Legearenporrota, agerian
EAJ-EA koalizioaren jaitsiera ustekabea izan da EB-Berdeak alderdiko kideentzat. Jaitsiera horren arrazoietako bat Alderdien Legea dela azaldu zuen Javier Madrazok: «Masa politikoa itxuragabetu egin baitu alderdien legez kanporatzeak».
Hauteskunde hauetan nabarmen gelditu da Alderdien Legeak porrot egin duela, EB-Berdeak alderdiko lehendakarigaiaren ustez. «PSOEk eta PPk galduta zeukan protagonismo hori eman diote berriro Batasunari». Hori dela eta, Batasunak PP eta PSOEri eskerrak eman behar dizkiela esan zuen, bi alderdi horiek kanpaina egin baitiote. «Eta orain, lehen baino sostengu handiagoa du alderdi horrek».
EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK
Madrazo: «Gure espazio politikoa eta elektorala sendotu ditugu»
Estatutu politiko berri bat adosteko alderdien arteko mahaia eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu