memoria historikoa

Madril eta martxoaren 3ko biktimen arteko bitartekari izan nahi du PPk, "erreparazioa izan dezaten"

1976ko martxoaren 3an hildako langileen senideekin bildu da Iñaki Oiarzabal, egun hartako "gehiegikeria" protestei egotzi ostean. Orduko polizia arduradunei erantzukizunak eskatu behar zaizkiela uste du, nahiz eta Madrilen PPk Interpolen agindua ez duen beteko.

Iñaki Oiarzabal, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
2014ko azaroaren 14a
11:18
Entzun

Oiarzabalek "elkartasuna" azaldu die senideei; azaldu die elkarrizketa batean martxoaren 3ko gertakarien inguruan esan zituenak "gaizki ulertu" bat izan direla eta ez dutela adierazten esan nahi zuena. "Inola ere" ez zuen gertatutakoari larritasuna kendu nahi.

Oiarzabalen Jot Down aldizkarian esan zuenez, 1976ko martxoaren 3an gertatutakoa Poliziaren oldarraldi batean jazotako "gehiegikeria" izan zen, eta Poliziak "jendetzak estutu zituen une batean" erabili zituen suzko armak, "bere burua defendatzeko". Hori dela eta, Martin Villa atxilotzeko eskatzea "irrigarria" dela erran du, eta kritikatu du gertakari horiek "erabili" nahi direla, "gehiegikeria" izan zena epaiketa "guztiz sumario" bilakatzeko.

Oiarzabalek biktimei hitzeman die bitartekari gisa ariko dela elkartearen eta Espainiako Gobernuaren artean, aztertzeko ea "egingarria" den hildako langileen senideek Terrorismoaren Biktimen Espainiako Legean jasotako erreparazio neurriak izatea. Halaber, uste du langileei oldartu zitzaizkien polizia arduradunei erantzukizunak eskatu behar zaizkiela. Espainiako Gobernuak biktima horiei erreparazio neurririk eman ezean, Martxoak 3 elkarteak proposatu du erreparazio hori EAEko lege baten bidez gauzatzea; hori "egingarritzat" jo du Oiarzabalek.

Andoni Txasko Martxoak 3 elkarteko kidearekin agertu da prentsaurrera Oiarzabal. Aitortu dute "desadostasunak" dituztela gertatutakoaren  "asmo politikoaren" eta erantzukizunen inguruan. Hala ere, Txaskok ontzat jo du Oiarzabalek egun hartan Poliziak izandako jardunaren kontrako jarrera "irmoa".

Egun, Memoria Historikoaren Espainiako Legeak aitortzen ditu biktimatzat Martxoaren 3koak. Horiek, ordea, Terrorismoaren BIktimen Legeak aitortzea nahi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.