«Langile publikoen zeregina da eskubideak bermatzea, eta herritarren eskubidea da nahi duten hizkuntzan komunikatu ahal izatea administrazioarekin». Hori adierazi zuen atzo Meritxel Batet Espainiako Gobernuko Lurralde Politika eta Funtzio Publikoaren ministroak, Bilbon, Espainiako Hizkuntza Ofizialen Kontseiluan. Batetek nabarmendu duenez, gobernuak «urrats sendoak» egin nahi ditu hori hala izan dadin, baina ez du neurririk zehaztu.
Kontseilu hori berreskuratu du Pedro Sanchezen gobernuak, Mariano Rajoyrenak (PP) «erabilerarik gabe» utzi ostean. 2007an sortu zuen haren aurreko presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterok (PSOE). Ministerio arteko organo bat da, eta bere egitekoen artean dago administrazioaren jarduna aztertzea, eta gomendioak eta proposamenak egitea hizkuntza ofizialen erabilera bermatzeko.
Bizkaiko hiriburua eta Euskararen Eguna aukeratu dituzte lantaldearen lehen bilera egiteko. «Alde sinboliko horrekin batera, gure konpromiso irmoa agertu nahi dugu herri honen [Espainiaren] hizkuntza aniztasunarekin eta hizkuntza ofizialak sustatu eta babestearekin», esan zuen Batetek.
Azaldu dutenez, bileran euskarazko, katalanezko eta galizierazko hainbat leku izen aztertu zituzten, «ministerioek horien erabilera zuzena egin dezaten». Gonbidatu gisa, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek eta Euskaltzaindiko presidente Andres Urrutiak parte hartu zuten, besteak beste.
Aurreko legealdian, PSOEk lege proiektu bat aurkeztu zuen Espainiako administrazioan hiztun guztien eskubideak bermatzeko. Neurri ugari zituen egitasmoak; informazioa hizkuntza denetan egotea, hiztunek edozein hizkuntza ofizial erabili ahal izatea, eleaniztunak lehenestea lanpostuetarako...
Madrilek asmoa agertu du bere administrazioan euskara sustatzeko
Batet ministroak esan du herritarren eskubidea dela edozein hizkuntza ofizialetan komunikatzea estatuarekin. PSOEk lege proiektu bat egin zuen aurreko legealdian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu