Espainiako Gobernuak erlojuaren aurka hartu du erabakia. Adituek lau egun eman dituzte AstraZenecaren txertoarekin zer egin erabakitzen, eta azkenean heldu dira adostasunera: txertoa jartzea baimenduko dute, baina 18 eta 55 urte artekoei soilik. Zergatik? Presak direla eta, adinekoekin eta gazteenekin txerto hori behar beste ez dutela probatu ondorioztatu dutelako. Bestelako gaitzak dituztenei ere ez diete jarriko.
Madrilek Oxfordeko Unibertsitatean garatutako txerto horren 1,8 milioi dosi ditu, eta asteburuan hasiko da banatzen. Hori bai, erabakiaren ondorioz. aurrez zituen asmoak aldatuko ditu, txerto horietako asko 70 urtetik gorakoei bideratzeko asmoa baitzuen. Horien ordez txertoa jasoko dutenak osasun langile talde batzuk izango dira, lehen lerroan ez daudenak, baina lanean dabiltzanak. Besteak beste, dentistek ere jaso dezakete.
Dena den, multzo horretan ez daude 1,8 milioi dosi erabiltzeko adina lagun, eta Espainiako Gobernua txertatze plan berri batean ari da lanean. Dirudienez, txertoa jasotzen hurrengoak irakasleak eta Poliziak izan daitezke.