Espainiako Gobernuak edozein jarduera edo komunikazio elektroniko bere gain hartu edo itxi dezake, urgentziaz, webgune edo zerbitzu digital hori ordena publikoaren aurka egiteko erabil daitekeela edota kalte ekonomikoak eragiten dituela argudiatuta. Horretarako, exekutiboak ez du beharko epaile baten baimena; orain arte behar zuen.
Pedro Sanchezen gobernuak onartu zuen 14/2019 lege dekretua, urriaren 31n, eta atzo argitaratu zuten BOE Espainiako Estatuaren aldizkari ofizialean. Jarduneko parlamentuak —Diputazio Iraunkorra— ala igandean egingo diren Espainiako Gorteetarako bozen osteko parlamentuak onetsi ala ezetsi beharko du; bestela, lege egitasmo gisa tramitatu ahalko dute, zuzenketak jartzeko aukera emanez. Dena den, dekretua indarrean egongo da, behin-behinean, 30 egunez. Auzitegi batek ere eten dezake, norbaitek salaketa jartzen badu jasotzen diren neurriak herritarren oinarrizko eskubideen aurkakoak direla argudiatuta.
Funtsean, Mariano Rajoyren lehen agintaldiaren amaieran (2015ean) PPk eta PSOEk adostu zuten Segurtasun Nazionalerako Legearen eranskin edo gehigarri bat izango litzateke neurria. Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluak Espainiako Gobernuari aukera ematen dio autonomia erkidegoetako erakundeak bere gain hartzeko; helburu bera du Segurtasun Nazionalerako Legeak, baina gobernuak errazago aplika lezake. Funtsean, dekretuarekin osatu nahi dute lege horretan teknologia berrien alorrean zegoen hutsunea; bereziki, Madrilek autonomia erkidegoetako polizien kontrola bere gain hartzeko zegoen pentsatua legea.
Kataluniara begira
Kataluniako prozesu independentistari aurre egiteko neurri gisa aurkeztu du gobernuak dekretua. Testuaren sarreran aitortu du hori: "Espainiako lurraldearen zati batean berriki jazo diren gertaera larriek agerian utzi dute egungo araudia aldatzeko beharra". Herrialde hartako erakunde publikoek eta bestelako talde eta eragileek prozesuaren alde erabili dituzten askotariko bitarteko digitalak jarri dituzte jo puntuan. "Errepublika digitala eteteko" neurri gisa aurkeztu dute.
Alde batetik, Espainiako Gobernuak kontuan hartu du zer garrantzia izan duten Interneteko sare sozialek azken asteetan Katalunian izan diren mobilizazioak antolatzeko. Bestetik, Kataluniakoak IdentiCat izeneko zerbitzu bat iragarri zuen irailean; horrekin, aukera eskaini nahi die herritarrei identitatearen eta datuen kudeaketa segurua bermatzeko hango administrazioarekiko harremanetan. Datu horiek Europatik kanpoko zerbitzarietan ostatatuko lirateke, eta hain justu hori debekatu nahi du Madrilek. Testuan zehazten denez, erakunde publikoetako zerbitzariek Europako Batasunean egon behar dute, edota sei hilabeteko epean ekarri beharko dituzte.
Baina, horrez gain, Espainiako Gobernuak aukera eduki nahi du bere gain hartzeko beste administrazio batzuen edo norbanakoen eta taldeen esku dauden zerbitzu digitalak. Horiek "zuzenean kudeatu" edo "kontrolatu" ahalko ditu "salbuespeneko egoera batzuetan". Honako hauek aipatzen ditu: osasun publikoaren, ordena publikoaren eta segurtasun nazionalaren aurkako "mehatxu berehalako eta larri bat" badago; eta zerbitzu elektronikoen bidez pertsona batzuek polizien, babes zibileko zerbitzuen eta larrialdi zerbitzuen lana oztopatzen badute; edota Interneteko gainerako erabiltzaileei kalte ekonomiko eta operatiboak eragiten badizkiete.