POLITIKA

Madrilek EAErentzat estatus berri bat onartzen ez badu, "konfrontaziora" joko du EAJk

Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak azaldu du EAJk "bere esku dagoen guztia" egingo duela Araban eta Bizkaian PPrekin akordio bat lortzeko. PSE-EErekin harreman "jariakorra" izan nahi du. EH Bilduz, berriz, esan du koalizioak ez dakiela zein jarrera hartu EAJrekiko.

2013ko urtarrilaren 16a
17:48
Entzun

Iragan larunbatean izendatu zuten Ortuzar EBBko presidente, eta gaur hitz egin du Radio Euskadin. Esan duenez, egungo egoera "gordinak" agerian utzi du 1979ko autonomia estatutuak "arazo larriak" dituela, "botere zentralarekiko subordinazioa" duelako. Hori aldatzearen alde egin du, eta zera ohartarazi du: "Aurrena, konbentzitu egin nahi dugu, baina beste aukerarik ez badago, konfrontaziora joko dugu".

Alderdiekiko harremanez ere mintzatu da. EAJk "bere esku dagoen guztia" egingo du Araban eta Bizkaian PPrekin egonkortasun akordio bat lortzeko; "ona da Arabak egonkortasun ahalik eta handiena izatea", azaldu du, eta erantsi du EAJk, "erantzukizunagatik", ez diola herrialde horren egoerari jaramon egiteari utziko.

Ortuzarrek zehaztu du EAJk oraindik ez duela "inorekin" itunik egin: "Hitz egiten ari gara gurekin hitz egin nahi duten guztiekin. Orain arte, soilik PPrekin mintzatu ahal izan gara, baina elkarrizketek oraindik ez dute fruiturik eman". Hala ere, azaldu du akordio hori ez dagoela "urrun".

PSE-EEz ere jardun du Ortuzarrek. Esan du alderdi horrekin "harreman jariakorra" berreskuratu nahi duela, ez koalizio gobernuak osatzeko, "gai nagusietan elkarlanean aritzeko" eta erakundeei "egonkortasuna" emateko baizik. Hain justu, atzo eskatu zion Jose Antonio Pastor PSE-EEko legebiltzarkideak Ortuzarri bi alderdien arteko "zubiak berreraiki" ditzala. "Herri honek akordio handiak izatea eta eraikitzen dugunak oinarri sendoak izatea nahi badugu, zentzuzkoa da pentsatzea [EAJk eta PSE-EEk] gutxienez harreman jariakorrak izan behar dituztela".

EH Bilduz, berriz, Ortuzarrek adierazi du koalizioarekin ere akordioak egitea espero duela. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egin zituztenetik, ordea, EH Bilduk "ez daki zein jarrera hartu EAJrekiko", esan du EBBko buruak. "Une batean, hasieran, haiek EAJren politika baldintzatu nahi zuten, baina uste dut hauteskundeetan gu garai gintzaketela pentsatu zutela, eta taktika aldatu zuten; gu baldintzatu nahi gintuzten aurrena, baina ordezkatu egin nahi izan gintuzten gero, gure lidergo rola bete".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.