Madrilek hotelak eta ostatuak ixteko agindu du

Gaur sartu da indarrean neurria, eta zazpi egun dituzte establezimenduak husteko. Mota guztietako ostatu turistikoei eragingo die erabakiak.

Koronabirusa dela eta erietxe gisa erabiltzen aridiren hotel bat Beijingen (Txina). ROMAN PILIPEY / EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko martxoaren 18a
16:05
Entzun

Egunak zeramatzaten albistearen zain, eta gaur iritsi zaie ixteko agindua hotel, pentsio, kanpin eta abarren jabeei, baita beste araudi bat duten apartamentu turistikoei ere. Aste Santurako errefortzuekin lanean zebiltzanei zapuztu egin zaizkie aurreikuspenak, eta gehienek egunak zeramatzaten bezero gutxirekin edo batere gabe. Espainiako Gobernuak koronabirusaren zabaldundea gerarazteko asmoarekin hartutako neurrietako bat da.

Madrilek argitaratutako lege dekretuaren arabera, arriskutsua da ostatuetara joaten direnek eremu komunak erabiltzea, kutsatzeko arriskua areagotzen baitu. Ondorioz, beharrezkotzat jo du horiek ixtea, pandemia kontrolatu ahal izateko.

Hainbat hotelek atzoko itxiak zituzten ateak, erreserben beherakada dela eta. Zabalik zeudenek, berriz, azken bezeroak alde egitean itxi beharko dute, gehienez ere zazpi eguneko epean. Ostalariek, oro har, neurria babestu dute, baina ikusteko dago zer gertatuko den behin-behineko langileeen kaleratzeekin eta eraikinen jabeei ordaindu beharreko errentekin.

Hotelak erietxe

Hainbat hotel dituzten nazioarteko konpainia bat baino gehiago ari dira hutsik geratutako ostatuak gobernuei eskaintzen, erietxe gisa erabil ditzaten. Asmoa sintomarik leunenak dituzten gaixoak bertan biltzea litzateke, ospitaleen presioa murriztu ahal izateko. Euskal Herrian, oraingoz, ez dirudi osasun zerbitzuak aukera hori baliatzera behartuko direnik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.