Ez du zehaztu zer egiteko asmoa duen, baina espetxe politika aldatzeko intentzioa duela baieztatu du Espainiako gobernuburu berriak. Kargua hartu osteko lehen elkarrizketa eman zuen Pedro Sanchezek, RTVEn. Han esan zuen bereizi egin behar direla Kataluniako presoen eta euskal presoen egoerak. Aurrenak Kataluniako espetxeetara eramateaz hitz egin zuen, baina, euskal presoei dagokienez, "epai irmoa" duten presoez bakarrik hitz egin zuen.
ETAren "atzaparkada" jasan dutenei dei egin die, ez dezatela espetxe politika "haserretzeko gai" bihurtu. Lasaitasun mezua igorri die biktimei: "Demokraziak ETA garaitu zuen".
Gaur arratsaldean, berriz, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroari galdetu diote Senatuan presoak gerturatzeko aukeraz. Esan du erantzuna "erraza" dela: "Legezkotasun printzipioaren eta espetxe legeria orokorraren aplikazioa". Gogorarazi du zigorren helburua "gizarteratzea" dela eta presoei "bakarkako trataera" emango dietela, kasuak "beste edozein bezala" aztertuta. PPri dei egin dio: "Ez dezagun alarmarik sortu; hau zuzenbide estatu bat da".
Euskal Herriko alderdiek ontzat eman dituzte Espainiako Gobernuko presidentearen hitzak. Dena den, Jaurlaritzako Giza Eskubide eta Elkarbizitzarako idazkari Jonan Fernandezek ohartarazi du prozesua erraza izango ez den arren "aukera interesgarriak" zabaltzen dituela, eta adierazi du Jaurlaritzaren jarrera Iñigo Urkullu lehendakariak egindako proposamenean oinarrituko dela: alegia, euskal presoak etxetik 250 kilometroko erradioan kokatzea.
Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi du "ahalik eta azkarren" biltzekoak direla Urkullu eta Sanchez, eta bilera horren espetxe politikaz hitz egiteko asmoa duela Urkulluk. Elkarrizketa abiatzea du helburu Jaurlaritzak, eta autogobernuaz ere hitz egin nahi luke.
EH Bilduko parlamentari Maddalen Iriartek, berriz, gogorarazi dio Sanchezi Frantziak eginak dituela urratsak euskal presoak gerturatzeko, ohiko legedia ezarriz. Iriartek, hala ere, ontzat eman ditu hark esandakoak, nahiz eta nabarmendu duen haren ekintzen araberakoak izango direla euren erabakiak: "Ez ditugu oraindik ahaztu Euskal Herrian harridura eragin duten zenbait izendapen, esaterako, Grande-Marlaskarena eta Josep Borrellena".
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ahal Dugu-ko Sergio Campok adierazi du euskal gizarteak "denbora luzez" egon dela zain Sanchezek esandakoak entzuteko. Haren iritziz, espetxe politika aldaketak "eragin positiboa izango du bakea eraikitzeko prozesuan".
Amaya Fernandez Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPren idazkari nagusiak, berriz, ziurtatu du Sanchezek espetxe politika aldatzen baldin badu, abertzaleei "mesedeak ordaintzeko" egingo duela.
Autodeterminazio eskubidea
Erabakitzeko eskubideari buruz ere hitz egin zuen. Azaldu du bere gobernua kezkatu egiten duela Euskal Herrian estatutua berritu beharrean autodeterminazio eskubidearen aldeko giroa sortzeko aukerak. XXI. mendeko egoera kontuan hartuta, Gernikako Estatutua berritzea litzateke aukerarik onena, haren ustez: "Gaur egun subiranotasunak partekatuak dira". Identitate desberdinak onar daitezke, haren esanetan, "Espainiako ordena konstituzionalaren barruan, eta EBren parte den Espainia batean". PSOEren gobernuak Jaurlaritzarekin harremanak estutu nahi dituela iragarri du, gainera.