"Herri honen aldarrikapenak, interesak eta aldaketarako nahia defendatzeko modurik eraginkorrena euskal alderdiek bat egin eta eskutik helduta herri gisa aurkeztea da". Hala baloratu du Beitialarrangoitiak Rajoyk Espainiako Gobernua osatzera begira hasitako bilkura saila. "Euskal agenda" garatzeko, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen alde dauden alderdiei egin die deia: "Aurreko legealdian hasitako bideari berriz ekiteko EH Bilduren eskua luzaturik dago".
Atzo, EAJko diputatu Aitor Estebanekin bildu zen Rajoy, eta Estebanek ziurtatu zuen PPtik "oso urrun" daudela jeltzaleak. Hala, Rajoyren inbestidurari ezezkoa emango diotela aurreratu zuen, baina ez zuen baztertu legealdian zehar akordio batzuk egiteko aukera. Orain, gobernabidea erraztea PSOEren esku dagoela nabarmendu zuen Estebanek.
PPren "jarrera baztertzailea"
EH Bilduren ustez, ordea, "agortua dago bi alderdi politikoen arteko negoziazio eredua". Beitialarrangoitiaren esanetan, EAJren eta PPren arteko bide horrek ez du emaitzarik eman: "Herri honen izenean hitz egin behhar bada, guztiok batera, indarrak batuz egin dezagun".
PPk jakinarazi zuen "guztiekin" hitz egingo zuela, baia EH Bildu ez dute deitu bilkuretara. "Jarrera baztertzailea" salatu du Beitialarrangoitiak: "Horrek agerian utzi du PPk ez duela herri honen arazoak konpontzeko benetako borondaterik".