Podemosek ahotan izan du Espainiako jarduneko gobernuak zentral nuklearra irekitzeko baimena eman eta hurrengoak baimen hori atzera botatzeko aukera. CSN Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseilua aztertzen ari da zentrala berriz lanean jartzeko baimena eman edo ez, eta Juantxo Lopez Uralde Podemoseko diputatuak eskatu du ez dadila erabakirik har Espainian gobernu berria eratu arte.
Lopez Uralderen arabera, abenduaren 20ko hautekundeetan agerian geratu zen Espainiako Kongresuko "gehiengo osoa [Garoñako zentrala] berriz zabaltzearen aurkakoa" dela. Hortaz, ez luke ulertuko jarduneko gobernu batek "gehiengo demokratikoaren aurkako erabaki bat" hartzea.
Podemoseko diputatu talde batek gutun bat emango dio bihar CSNko presidente Fernando Martiri, eskatzeko eten dezala Garoñari buruzko ebaluazioa gobernu berria osatu arte. Halaber, egitasmo bat aurkeztuko du parlamentuan, hark gobernuari eska diezaion Garoñako zentrala behin betiko ixteko, hura desegite aldera egutegi bat zehazteko eta eremu horretarako plan ekonomiko bat bultzatzeko.