Madrilen, letaginak zorrotz

Egiten ari diren horretan sinetsita, lasai egin dute Madrilerako bidea Sortu alderdi berriaren sustatzaileek. Espainiako hiriburuan ez dituzte jarrera berberarekin hartu zain zituzten kazetariek.

Karmele Agirregabiria, Iñaki Zabaleta eta Alex Maskey, Madrilgo bidean, gosaltzen. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Madril
2011ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Lasai joan dira Madrilera Sortu alderdi berriaren sustatzaileak. Lasai daude Alderdien Legea betetzen duten uste sendoa dutelako, eta, itxuraz, behintzat, lasai egin dute Espainiako hiribururako bidaia ere. Han ordea, ez zeuden lasai haiei itxoiten egon diren kazetariak. Urduri hartu dituzte, eta haginka egiteko jarreraz eraso diete galderekin, Iñaki Zabaletak sustatzaileen izenean azalpenak ematen amaitu orduko.

«Noiz emango duzue kazetarien galderak erantzungo dituzuen prentsaurreko bat?», galdetu du kazetarik batek, galderarik ez zela erantzungo inork esan ez arren. «Gaur gure asmoa estatutuak erregistratu eta eman dugun azalpena ematea da. Alderdia sortu berria da, eta ulertuko duzue nire jarrera». Berehalakoa izan zen zurrumurrua kazetarien artean, «hau prentsaurreko bat da, erantzun egin behar duzue!». Galderak egiten jarraitu zuten, eta Zabaletak erantzun egin zituen, nahiz eta ez zuen kazetariek nahi zuten bezala egin. Haietako batek honako hau galdetu zion: «Zergatik esaten duzue indarkeria guztiak amaitzea nahi duzuela, legea betetzeko esan egin behar duzuelako edo benetan hala uste duzuelako?». Urrunago joan zen beste bat: Sinesgarritasun falta egotzi, eta zer egiteko asmoa duten galdetu zion batek. Zabaletak esan zuen sinesgarritasuna irabazi egin behar dela; «emaguzue aukera bat», gaineratu zuen. Beste kazetari batek, orduan: «Sinesgarritasuna irabazteko aukera duzu orain. ETA desagertzea eskatzen duzu?». «Aurretik esan dudan bezala...», hasi zen Zabaleta; «Alegia, ez!», moztu zion kazetariak. «Galdera zeuk egin eta zeuk erantzuten baduzu...», erantzun zion, orduan, Zabaletak. Hor amaitu zen prentsaurrekoa,eta etxerako bidea hartu zuten sustatzaileek, hara joan bezala, autoz.

Goizeko ordu txikietatik jaikita zeuden. Izan ere, 05:00etan abiatu ziren, Gasteizko Lopidana gasolina gunetik. Maider Etxebarria, Karmele Agirregabiria, Xabier Artola, Rakel Jausoro eta Iñaki Zabaleta sustatzaileek Alex Maskey Sinn Feineko kidearekin eta beste hiru laguntzailerekin batera egin zuten bidea, bi autotan. Boceguillasen geldialdi bat egin ostean, 10:00 aldera iritsi ziren Madrilera. Han Bill BowringGiza Eskubideen eta Demokrazia aldeko Europako Abokatu Elkarteko presidentearekin batu, eta guztiek batera jo zuten Espainiako Gobernuaren Barne Ministerioaren egoitzara. 09:00etatik zain zituzten 70 bat kazetari. Arazorik gabe sartu ziren barrura, eta ez zuten inolako oztoporik topatu tramitea egiterako garaian. Alderdialegeztatzekoorduan ere halaxe izatea espero dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.