Erabakitzeko eskubidea

Madrilgo gehiengoa "aprobetxatzeko" eskatu dio Urkulluk Torrari

Bilera egin dute Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Kataluniako Generalitateko presidenteak Gasteizen, Ajuria Enean. "Gobernutik gobernurako" harremana eskatu du Torrak, "politikoa den arazoari konponbide politikoak bilatzeko".

Torra eta Urkullu, gaur, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA, FOKU
2018ko azaroaren 14a
07:13
Entzun

"Pedro Sanchez Espainiako presidente izendatu eta bost hilabetera, presoak eta erbesteratuak izaten jarraitzen dugu, eta jarraitzen dugu autodeterminazio eskubidearen ariketan pauso bat ere aurreratu gabe". Hala mintzatu da Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidentea, Gasteizen, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariarekin bildu ondoren. "Elkarrekiko errespetua" agertu dute bi agintariek, eta, besteak beste, preso eta erbesteratu katalanak bisitatzeko gonbita egin dio Torrak Urkulluri.

Abenduaren 21ean Bartzelonan dute egitekoa Espainiako ministroen kontseilua, eta aukera hori baliatuta, "aldebiko harremana" eskatu du Kataluniako Generalitateko presidenteak, "gobernutik gobernurakoa". "Sakontasunez aritu nahi dugu bilera horretan, gizarte katanalak mahai gainean dituen gaiei heltzeko".

Urkulluk, berriz, "distentsioaren eta elkarrizketa politiko eta instituzionalaren bidea" gauzatzeko beharra nabarmendu du, eta horretarako, Espainiako Kongresuan Sanchezen gobernua ahalbidetu zuen gehiengoa "aprobetxatzeko" eskatu dio Torrari: "Aurreikus daiteke konponbiderako ekimen bat edo ahalegin bat egitea. Mesedegarria izango litzateke hori gauzatuko balitz. Horretarako bidelagun izan gaitezke, beti ere pentsatuz egoerak eskatzen digula distentsiorako egoera bat sortzea", esan du Urkulluk. Horretan ari direla adierazi du Torrak: "Ez gara inoiz altxatu eta ez gara inoiz altxatuko negoziazio mahaitik. Guk daramagu elkarrizketaren bandera, baita preso eta erbesteratuekin ere".

PPko Nuevas Generaciones gazte taldeak, bestalde, protesta egin du Ajuria Enearen kanpoaldean. Kolpistak kanpora leloa zeramaten pankartan —gazteleraz—, Torra, utzi Euskadi bakean mezuarekin batera —euskaraz—.

Iluntzean, hitzaldia Donostian

Bilkurez gain, Catalunya: burujabetza, demokrazia, askatasuna izeneko hitzaldia ere emango du Torrak gaur, 19:00etan, Donostiako Kursaal jauregiko auditoriumean. Gure Esku Dago-k antolatu du solasaldia, eta azaldu dute "Kataluniako errealitatea hobeto ezagutzeko aukera" izango dela, "zuzenean".

Horren aurretik, EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegirekin bilduko da Kataluniako Generalitateko presidentea, 18:00etan.

Torrarekin batzartu aurretik, urte judizialaren hasiera ekitaldian izan zen Urkullu. Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean lortutako adostasuna “zabaltzearen” alde agertu da, baina “leialtasun konstituzionala” eskatu die estatuko erakundeei, erantsita ez dela “ultimatum bat”.

Ekitaldi horretan, Juan Luis Ibarra Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Auzitegi Nagusiko presidenteak ohar egin die EAJri eta EH Bilduri, Autogobernu lantaldean onartutako oinarrien harira; esan du erabakitzeko eskubidea eta legaltasuna "bateraezinak" direla, eta ezin dela "legaltasun printzipioaren konstituzioz kanpoko iturritzat" jo.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.