Adierazpen instituzionalean hiru puntu jaso dituzte aldaketaren lau alderdiek. Lehenengoan Madrilgo Nafarren San Fermin elizan ostiralean izan zen omenaldi faxista errefusatu dute, "bakearen, elkarbizitzaren eta giza eskubideen defentsaren kontrakoa" izateagatik. Lehen puntu hori aho batez onartu dute. Ez, ordea, bigarrena eta hirugarrena; horietan Geroa Bai-k, EH Bilduk, Ahal Dugu-k, Ezkerrak eta PSNk bozkatu dute alde, eta UPNk eta PPk, kontra. Bigarrenean Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzari eta Espainiako Barne Ministerioari ekitaldi horretan deliturik izan ote zen ikertzeko eskatu dute. Hirugarren puntuan lau alderdien akordioa Madrilgo Artzapezpikutzari, Nafarroan Espainiako Gobernuak duen ordezkaritzari eta Nafarren San Fermin kongregazioari helaraztea adostu dute.
Astelehenean lehen aldiz Iruñetik kanpo bildu zen Nafarroako Parlamentuko Mahaia eta Bozeramaileen Batzordea, Erriberrin. Aldaketaren lau alderdiek adierazi zuten frankismoan hildakoen eta senideen memoria iraindu zela ekitaldi horretan, eta onartezina dela Espainiako segurtasun indarrek horren aurrean ezer ez egitea.
Azaroaren 20an egin zen omenaldi faxista, meza batean, Francisco Franco diktadorearen eta Jose Antonio Primo de Rivera Falangearen sortzailearen heriotzen urteurrenaren harira. Francoren aldeko ohiuak bota zituzten, eta mezaren aurretik, meza bitartean eta ostean bandera eta ikur faxistak erakutsi zituzten. Madrilgo Artzapezpikutza jakinaren gainean zegoen, eta ez zuela debekatu azpimarratu dute proposamena bultzatzen duten lau alderdiek. Are eta gehiago, azpimarratu dute Espainiako Polizia han zela eta gertatutako guztiaren berri izan zuela.
Mezan aldarean San Ferminen irudi bat zegoela nabarmendu dute gaitzespen proposamena aurkeztu dutenek. Azaldu dute Nafarren San Fermin kongregazioak lotura duela Nafarroarekin, prefektua Fernando Aizpun Viñez delako, Jesus Aizpun Nafarroako diputatu izan zenaren semea. Kongregazioaren bokalen artean, Pedro Maria Tanco dago, PPren Kongresurako zerrendan 21. hautagaia.