Alcala Meco espetxeko medikuak aginduta, atzo erietxera eraman zuten Ibon Iparragirre, azken egunetan eztula handitu zaiolako. Iparra Galdu Baik plataformak jakinarazi du nola ospitaleratu duten presoa. Froga batzuk egin eta espetxera eraman zuten berriz ere.
Hiesa du Ibon Iparragirrek, C3 estadioan, eta defentsak baxu izan ohi ditu. Joan den urteko maiatzean ere ospitaleratu zuten, orduko hartan pneumonia harrapatu zuelako.
Joan den astean ezagutu zen Madrilgo abokatu kolegioko mediku batek Iparragirreren osasun egoerari buruz egindako txostena. Espetxe Zaintzako epaile Jose Luis Castrok erabaki bat hartu behar du haren gainean. Txostena epaileak berak eskatu zuen, eta fiskalak medikuaren ondorioei buruz iritzi bat ematea falta da.
Iparra Galdu Baik plataformak adierazi du adi dagoela egoeraren gainean, eta ohar bat egin du: azkeneko egunetan sare sozialetan "informazio okerrak" zabaldu direla Iparragirreren egoeraz eta. "Zuhurtziaz" ibiltzeko eskatu dute, eta presoa aske uzteko eskatu dute berriro.