Madrili egotzi diote aurrera ez egitearen errudun nagusia izatea

Prozesuari babesa agertu diote euskal herritar gehienek; hamarretik bederatzik, hain zuzen

Erredakzioa
2006ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Euskal herritarren %93kEuskal Herriko bake prozesua babesten dute, baina erdiek aurrerapen falta nabari dute, uste baitute ETAk su-etena eman zuenetik urrats «gutxi edo bat ere» egin dela. Gainera, ETAk su-etena iragarri zuenetik prozesuak aurrera ez egitearen errua Espainiako Gobernuari egotzi diote galdekatuta talde multzo handienak.

Euskal Herriko bake eta normalizazioari buruz Forum Radio Euskadik aginduta Gizaker enpresak egindako inkestaren emaitzak dira horiek. Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 1.000 laguni egin die galdeketa enpresa horrek telefonoz, urriaren 18tik 25era bitartean.

Inkesta horren arabera, hamar euskal herritarretatik bederatzi bake prozesuaren alde daude. Herrialdeka, Nafarroan du prozesuak babesik txikiena, nahiz eta gehiengoa prozesuaren alde dagoen (%89,1ek babesten dute). Euskal gatazka konponbidean jartzearen aldekoak direnek uste dute elkarrizketaren bidez egingo duela aurrera prozesuak. Hala iritzi diote galdetutakoen %36k. Neurri txikiago batean uste dute presoak gerturatuta edo amnistia emanda (%6,8) bultzada emango zaiola.

Alabaina, bake prozesuari babesa ematen badiote ere, Euskal Herriko herritar gehienak ez daude gustura orain arteko emaitzekin, ETAk menia eman zuenetik prozesuak aurrera egiteko pauso nahikorik ez dela eman iritzita. Hala, prozesua blokeo egoeran egotearen arduraZapateroren gobernuari egotzi diote gehienek (%22,9).Ardura PP eta ETAri leporatzen diotenak, berriz, gutxiago dira: %10,6k uste dute PPk duela errua, eta %10ek ETAri egotzi diote.

Erakunde armatuak su-etena iragarri zuenetik gatazkaren konponbidean aurrerapausoak eman direla uste dutenen artean, berriz, gehienen arabera (%41,8) Zapateroren gobernuak eta ETAk emandako urratsen ondorioz izan dira aurrerapauso horiek. Bestalde, inkestatuen gehienek (hamarretatik zazpik) uste dute PP eta UPN direla prozesuak aurrera egitea nahi ez duten alderdi bakarrak.

Espainiako Gobernua eta ETAren arteko elkarrizketen inguruan ere galdetu zaie euskal herritarrei. Gehienek (%92k) uste dute Zapateroren gobernuak eta ETAk «indarkeriaren amaiera» negoziatu behar dutela. Halaber, gatazka politikoa gainditzeko alderdi guztiak mahai batean eser daitezen babesten dute %96k.

SU-ETENA HAUTSIKO DEN BELDUR. Zuhur dira euskal herritarrak bake prozesuaren etorkizunaz. Izan ere, erdiek baino gehiagok (%58,6k) ETAk su-etena hautsi dezakeela uste dute. Hamar euskal herritarretatik seik uste dute ETAk su-etena bertan behera utzi eta pertsonen aurkako atentatuak egin ditzakeela berriro.

Behin betiko bakea noizko gauzatuko den galdetuta, gehienek ez dute oso argi, %51k erantzun baitute ez dakitela. Hala ere, bost urte baino lehen bakea iristerik ez dute esperogehienek (%65ek).

Bake prozesuan eragileek izan behar duten parte hartzeari dagokionez, ostera, gehienak bat datoz protagonismoa norena izan behar duen: Eusko Jaurlaritza, Espainiako Gobernuarena eta ETArena. Maila txikiago batean aipatu dituzte EAJ, ezker abertzalea, PSOE eta Frantziako Gobernuaren parte-hartzearen garrantzia prozesuan. Bestetik, ETA desagertuz gero, euren bizimodua ez dela asko aldatukouste dute gehienek.

ERABAKITZEKO ESKUBIDEA. Inkesta egin dieten 1.000 lagunetatik %88k euskal herritarrek bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea dutela azpimarratu dute. Eta, erabaki hori hartu behar duten bakarrak euskal herritarrak direlairitzi diote %66k. Gainera, independentzia bai edo ez galdetuz gero, baiezkoa bozkatuko lukete %45ek, ezezkoa %25ek, eta ez lukete botorik emango %30ek.

Bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa eta Iparraldearen arteko harremanak estutzea nahi dute hamar euskal herritarretatik zortzik. Inkestatu egin duten gehienek uste dute Nafarroa eta Iparraldea Euskal Herria direla.

Euskal gizartearen erabakia errespetatu behar dela diote EAEko herritarren %67k

Eusko Jaurlaritzaren inkestaren arabera, herritarren %85ek uste dute bakea lortuko dela erredakzioa

Gasteiz

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar gehienek uste dute konponbiderako prozesuaren amaieran euskal gizarteak erabakitzen duena errespetatu behar dela. Zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren %67 euskal gizartearen erabakia «edozein izanda ere» errespetatzearen alde daude. Datu horiek eman ditu Eusko Jaurlaritzako lehendakaritzak egindako inkestak. Urriaren 30ean eta 31n egin zieten inkesta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 600 herritarrei, telefonoz.

Euskal herritarren erabakia errespetatu behar dela uste dutenen artean, %15ek uste dute «aldaketa konstituzionalik ekartzen ez duen bitartean» errespetatu behar dela eskubide hori. Adinaren arabera, berriz, 30 urtetik 45 urtera bitartekoak dira euskal herritarren erabakitze eskubidea errespetatzearen alde dauden gehienak (%72).

Prozesuaren helburu nagusiak «aldaketa soziopolitikoak» eragiteak eta ETA desagertzeak izan behar dutela iritzi diote herritarren %55ek. Alta, %35en ustez prozesuaren helburu bakarra erakunde armatua desagertzeak izan behar du.

PROZESUAK AURRERA EGINGO DU.Euskal Herriko bake prozesuari begira baikorrak dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritar gehienak. Izan ere, %85ek uste dute bake prozesua gauzatuz joango dela datozen urteetan. Hala, %40k «baikor eta itxaropentsu» begiratzen diote prozesuari; %31k, ordea, «kezkatuta» daudela esan dute.

Ahotsak emakumeek osatutako taldearen lanari buruz ere galdetu zaie herritarrei. Gehiengo zabal batek (%94k) «oso ongi» edo «ongi» iritzi diote ideologia askotariko emakumeek bake prozesuari buruz akordioa lortu izanari.

Europako Parlamentuak Euskal Herriko bake prozesuaren alde onartutako ebazpenarekin bat datoz, berriz, herritarren %88. Eta ebazpen horrek bakea lortzen lagunduko duela iritzi diote inkestatuen %71k.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.